GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-04-18
Euskal diasporak ere hitzordu bereziak egin ditu Aberri Eguna nonahi ospatzeko
Urtero legez, Euskal Herriko mugak gainditu ditu aurten ere Aberri Eguneko ospakizunak. Euskal diasporak berak festa giroan egin izan ohi du hitzordua, baina, lekuan lekuko ohitura eta ezaugarriekin jantzi dute. Hala, picnicak izan dira aukeran, baita trikitilari zein pailazoen ekarpenak ere. Zenbait lekutan hitzordua datozen egunotan egingo da.

SIDNEY

Herrialdeetako ordu aldaketak eraginda, Australiako hiru euskal etxeak izan dira, Txinako Shanghaiko Euskal Etxeko kideekin batera, Aberri Eguna ospatu duten lehenengoak.

Hain zuzen, euskal nazioaren aldeko hitzordua jada ezaguna da Sydneyko eta Melbourneko euskal egoitza horietako ekintza egutegian. Townsville zein Shanghaiko kasuetan, aldiz, azken hiru urteotan sortu direnez euskal etxeak, Aberri Eguneko jardunaldira atxikitze bidean dira oraindik.

Sidneyko Gure Txokok, adibidez, urtero ospatzen du eguna. «Ohitura dugu Centennial Park-en picnic batekin ospatzeko, Gure Gernikako Arbola deritzogun zuhaitz baten azpian», azaldu zion euskal etxe horretako presidente den Carlos Orue euskal-australiarrak euskalkultura.com-i.

Aldarte onean Sidneyn

Ohiturari eutsiz, bazkide zein Sydneyko euskal lagunek, bai-ta inguruetakoek ere, beraz, festa giroan ospatu zuten Aberri Eguna: «Txikienentzako jokoekin eta lagunekin elkartu eta txorizo, saltxitxak eta xerrak plantxan prestatzeak eragiten duen poztasun eta umore onean, eta pare bat ardo basorekin».

Aipatu web orrialdeak azaltzen duenez, gainera, aurten Luis Mari Bengoa euskal kazetariaren presentziarekin kontatu dute Centennial Parken bildutako lagunek.

Ildo beretik, Melbournen herriko euskal etxea duten, eta bestearen izen bereko Euskal Txokon, bertako bazkide diren lagun euskal-australiarren ezaugarriak aintzat hartuta picnic bat egin zuten. Eta, bien bitartean, iparraldean paratuta dagoen Townsvillen Basque Club Of North Queesland-eko lagunek beren egoitzan izan zuten hitzordua, munduko beste euskal herritarrekin poza eta itxaropena konpartitzeko.

«Australian ez dugu inolako ekitaldi politikorik ospatzen, festa egun bat baizik», gogorarazi eta honakoa gaineratu zuen Carlos Oruek segidan: «Gu denak elkarrekin gaude, norbere ikuspegi politiko ezberdinak kontuan hartu gabe. Euskal Herrian ere laster gauza bera gertatzea opa dugu hemendik».

Bestetik, New York (Euskal Etxea), Celaya, Cancun, Mexiko D.F., Madril, Bartzelona, Caracas, Montevideo (Centro Vasco Euskal Erria) zein beste hainbat lekuk ere igandean hartu zituzten ospakizunak.

Baina, euskal nazioaren aldarrikapenaren aldeko hitzordua zenbait kontinente eta herrialdetako euskal etxe zein antzeko egoitza askok beste data batzuetara atzeratzen dute.

Horien artean leudeke, esaterako, Buenos Airesko Laurak Bat Zentroa, Santiagoko Eusko Etxea edota La Platako Euskal Etxea bera. Hala, bada, horietan, datorren asteburuan egingo dute Aberri Eguneko bilkura nagusia.

Antzeko jardunaldia, bestetik, aste bi barru edo geroago ere izango da aukeran munduan barna bizi diren euskal herritar ugarirentzat beste hainbat euskal egoitzatan.



Habanan ere ikurrinaren alboan elkartu ziren ehun bat euskaldun

HABANA

Euskal herritar ugari bizi izan da beti Kubako hiriburuan, eta, hala, ehundik gora lagun elkartu ziren Habanako Centro Vasco delakoan, duela mende erdi Juanito Saizarbitoria mutrikuarrak eraikitako baserri antzeko egoitzan.

1876. urtean jaiotako Asociación Vasconavarra de Beneficencia erakundeak egin deialdiari erantzunez, Euskal Herritik irlara aintzina emigraturiko euskaldunak bildu ziren Aberri Egunean, baita haien seme-alaba kubatarrak ere.

Ostantzean, Kuban lan egiten duten euskal enpresetako langileak, euskal errefuxiatu politiko batzuk eta opor egun hauetan inguruetan dabiltzan turistarik ere ez zen falta izan hitzorduan. Adin orotako lagunak Porrotx pailazoaren eta Iker Goenaga eta Larraitz Goenaga trikitilarien laguntzaz festa giroan ibili ziren. Azaldu zutenez, deklarazio politiko berezirik ez zen egin, «ez bada euskaldunen elkartasunaren aldekoa»; Euskal Herritik hain urrun ere ikurrinaren inguruan batu ziren.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La lucrativa subida del oro negro
Euskal Herria
Sólo piden un año y medio de cárcel para los dos militares que agredieron a Martín
Mundua
Diez muertos al inmolarse en Tel Aviv un kamikaze en homenaje a los presos palestinos
Kultura
Mila bisitari Sarako biltzarrEAn
Mundua
Eldorado dos Carajás, diez años de impunidad
Ekonomia
El crudo Brent marca otro récord al superar los 71 dólares por barril
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea