GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-18
Mikel GARAIZABAL | «Ardobidez, Arabako Errioxa»ren egilea
«Ardoaren munduan mugitzen garenok zerbait oker egiten ari gara»
Lagunak etengabe etortzen omen zitzaizkion Errioxan egun-pasa bat antolatzeko informazioa eskatzera. Aspertu, eta «liburu bat egingo dizuet», erantzun zien egun batez. Dagoeneko salgai dago 8 eurotan «Ardobidez, Arabako Errioxa». Egilea Mikel Garaizabal da, ardoaren kulturari kutsu elitista kendu eta demokratizatzen lan bikaina egin duen enologoa.

Ardoari buruzko euskarazko lehen liburua berak idatzia da:“Mahatsaren orpotik dator”. Orain hiru urte ardoei buruzko munduko hedapen-liburu onenari ematen dioten Gourmand saria irabazi zuen beste bere liburu batek, “Euskal Herriko ardoak. Vinos de Euskal Herria” delakoak. Ardoari buruzko kultura zabaltzen gure artean lanik gehien egin duen enologoa da ezbairik gabe. Didaktismoa nabari zaio idazten duenean eta berotasuna hitz egiten duenean.

­Zergatik zure liburuetan ageri den kezka didaktiko hori?

Nire ustez, ardoaren munduan gabiltzanok zerbait txarto egin dugu, ez baitugu jakin komunikatzen zer den ardoaren kultura. Jendeak uste du ardoaren kultura elitista dela, bakarrik adituek uler dezaketela, eta nire helburua beti izan da ardoaren kultura hori kontsumitzaileengana helaraztea, kultura hori demokratizatzea, azken batean. Euskal Herriko mahai guztietan beti egon da olioa, ogia eta ardoa. Atera dugun liburuarekin ere helburu nagusia horixe da:utz ditzagun teknizismoak adituentzat. Jende arruntak ez du zertan jakin polifenolak edo taninoak zer diren. Bazoaz ardo dastaketa batera eta hasten dira enologoak:«Este vino huele a la sotana del cura de pueblo y este otro a silla de montar». Teknizismo horiek entzun ondoren normala da jendeak ez duela ardoei buruz ezer jakin nahi esatea. Ardoari buruzko kultura hori komunikatzen saiatzen naiz, sozializatzen.

­Ez al duzu uste azken urteotan hasi dela zabaltzen kultura hori?

Ari da poliki-poliki, baina oraindik asko dugu egiteko. Gero eta ardo gutxiago edaten dugu, baina gero eta ardo hobea. Bestalde, ardo kontsumoa asteburuetara eta ospakizunetara mugatzen ari da. Hori da behintzat nik dudan susmoa.

­Sendagileek ere mugatu egiten dute kontsumoa. Jatorduko hiru baso ardo gomendatzen dute.

Hiru lagunen artean botila bat edatea litzateke neurriko kontsumoa. Hori da bultzatu behar dena, ardoa osasungarria baita. Ez dugu enologoek esaten, kardiologoek esaten dute hori. Ardoak dena dauka bere alde. Euskal Herriak, gainera, kalitate handiko ardoak ekoizten ditu, hori egia da. Poliki-poliki ari gara, baina oraindik asko dugu egiteko. Ardoaren kontsumoa diru-iturri izugarria izan daiteke, baina inoiz ikusi al duzu neurriko kontsumoa bultzatuko duen kanpainarik? Zeri itxoiten ari dira erakundeak eta upategiak? Nafarroako jatorrizko izendapeneko ardoetan sekulako stokak daude. Estatu frantsesean ere sekulako krisialdia dute. Zezena badatorrela ikusten dugu, baina ez dugu ezer egiten.

­Estatu frantsesean aspaldidanik dabiltza kezkaturik.

Erakundeak erabat kezkaturik dabiltza. Urte askoan munduko jaun eta jabe izan dira ardoaren merkatuan. Mundu berriko upategiak, Zeelanda Berrikoak, Australiakoak edo AEBetakoak Europaraino iristen hasi direla ikusi dute. Orain bi urte inork ezin zuen imajinatu Britainia Handiko ardo salduenak australiarrak izango zirela. Nork pentsa zezakeen AEBetan, ardo frantsesak hainbeste urtetan jaun eta jabe izan ondoren, gaur bertakoak gehiago edango zirela? Mundu berriko ardoak beste baldintza batzuetan ekoizten dira:ez dute inolako legerik. Errioxan, esaterako, hektarea bakoitzetik 6.500 kilo atera daitezke. Australian 20.000 kilo ateratzen dituzte, inolako mugarik ez dutelako. Ingeniari agronomo onenak Australian daude.

­Arautegia hain zorrotz ez begiratzea proposatzen al duzu?

Puntu batzuetan zabaldu egin beharko da. Europako arautegiak ardoari egur zatiak botatzea baimen dezake aurki. Orain arte guk ardoa egurrezko upeletan sartzen dugu eta upelean hartzen ditu lurrinak. Zer egin dute australiarrek eta mundu berriko ardozaleek?Egur zatiak erabiliz lortzen dituzte lurrinak. Hemen hori debekaturik zegoen, baina merkatua galtzen ari direla ikusiz, gisako neurri batzuk baimentzen hasi dira. Nik beti esaten dut Euskal Herrian ekoizten diren ardoek desberdinak izan behar dutela. Tokian tokiko nortasunean dago irtenbidea. Guk ezin dugu barietate ezagunekin konpetitu, ezin gara Cabernais, Souvignon, Merlot edo Chardonais eta gisako barietateekin konpetitzen hasi, Australian edo Afrikako herrialde batzuetan barietate horiekin lanean ari direlako. Txakolinarekin ere gauza bera gertatzen ari da. Batzuek diote Souvignon, Chardonais eta gisako barietateekin hasi behar dutela lanean. Guk ezin dezakegu konpetitu Rueda batekin. Guk gure barietate autoktonoak ikertu eta bultzatu behar ditugu. Hondarribi Zuriarekin lan egin behar dugu eta gutxienez % 80 mahats mota hori erabili.

­Txakolina aipatu duzunez, Campsaren gidan zuen txakolina, Mendraska, oso goian geratu omen da.

Enologo bezala esan behar dut txakolin ona egiteko mahats ona behar dela, eta, Mendraskaren kasuan, mahatszaleena da meriturik handiena. Mahats onarekin ardo ona atera daiteke, baina mahats txarretik inoiz ez da aterako ardo onik. Ardogintzan ez dago magiarik eta hauts magikorik. Ardogintza sukaldaritza bezala da, legatz izoztuarekin ezin da miraririk egin. Gure marka txikia da, 25.000 litro ekoizten ditugu, eta Campsaren gidan txakolin onena izendatu gaitu Txuekarenarekin batean. Baina horrek ez du garrantzirik. Gure helburua bezero leialak aurkitu eta haiek gure produktuan sinestea da.

­Mintza gaitezen liburuaz. Zer eskaintzen du «Ardobidez, Arabako Errioxa»k?

Enoturismoa bultzatzeko idatzitako liburua da. “Entre copas”en, Alexander Payneren pelikulan, ikusten da zer motako turismoa egin daitekeen upategien inguruan, eta inguruan dagoen ondare artistikoa ere ezagutu. Fenomeno horrek garrantzi handia hartu du AEBetan. Urtan Kaliforniako upeldegietatik Walt Disneytik baino jende gehiago pasatzen da. Hemengoak ere ohartu dira diru-etorri handia dela. Fenomeno hori hedatzen hasi da zerbait Arabako Errioxan ere. Nondik sortu zen liburuaren ideia? Gero eta lagun gehiago zetozkidan Arabako Errioxako upeldegi bat bisitatuz egun-pasa bat egiteko planak eskatzera. Pixka bat nekatu egin nintzen besteren planak egiten, eta liburu bat egingo nuela agindu nien. Liburuak lau atal dauzka. Lehen atalean Ibon Martinek txango desberdinak egin ditu autoz, oinez edo bizikletaz egiteko modukoak. Bigarren atalean upeldegi bat bisitatu baino lehen jakin beharreko informazioa eman dugu. Hirugarrenean, Arabako Errioxako upeldegi guztiak sartu ditugu, eta jaten ematen duten edo ez, bisitak hartzen dituzten edo ez agertu. Eta, bukatzeko, mapa batean laburbildu dugu informazio osoa.

­Gehryk Marqués de Riscalen upeldegia diseinatu zuen?

Hori zabaltzen dutenean sekulakoa izango da. Amerikar pila etorriko da upategia ikustera eta europarrak ere asko. Calatravak diseinatu du beste bat eta arkitekto gazte batzuk ere sartu dira egiteko horretan. Badaude baita ere bisita bat merezi duten upeldegi guztiz pertsonalak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La lucrativa subida del oro negro
Euskal Herria
Sólo piden un año y medio de cárcel para los dos militares que agredieron a Martín
Mundua
Diez muertos al inmolarse en Tel Aviv un kamikaze en homenaje a los presos palestinos
Kultura
Mila bisitari Sarako biltzarrEAn
Mundua
Eldorado dos Carajás, diez años de impunidad
Ekonomia
El crudo Brent marca otro récord al superar los 71 dólares por barril
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea