GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-19
«Kastillako Dorreak» Hernanitik ikusita
Preso batek kartzelan ez erotzeko duen aukeraz mintzo da «Kastillako Dorreak» izenburuko ikuskizuna. Hernaniko hainbat abesbatza, dantza talde, musikari eta era guztietako artista bildu eta apirilaren 25, 26 eta 27an eta maiatzaren 2, 3 eta 4an oholtzaratuko dute Biteri kultur etxean. Guztira, 140 lagun ari dira proiektuan parte hartzen, denak amateurrak, Ander Lipus eta Iñigo Aranbarri antzezleak laguntzaile badituzte ere.

HERNANI

Tiranoari eraso egin dio anarkista batek. Huts egin du, ordea. Tiranoak harrapatu eta heriotza-zigorra agindu dio. Presoa urkamendi bidean dagoela, aldiz, hobeto pentsatu du tiranoak: heriotza sufrimendu gutxiko zigorra omen da, eta preso horrek asko sufritu beharko luke; beraz, heriotza-zigorra bertan behera utzi, eta, trukean, erotzera kondenatu du. Erotzea, kasu honetan, fantasiarik gabe bizitzera kondenatzea da. Horretarako, kartzela erregimen zorrotzena ezar- tzen dio presoari, bere fantasia gaitasuna pixkanaka ahitzen joan dadin. Presoa, ordea, ez dago fantasiari uko egiteko prest.

Horixe da Biteri kultur etxean datorren astean oholtzaratuko duten eta ekimenaren hainbat sustatzailek atzo prentsaurrekoan aurkeztu zuten “Kastillako Dorreak”en abiapuntua.

Javier Zubimendi gidoigileak esan zuenez, istorioa Soto del Realgo espetxean bisitan zegoela bururatu zitzaion. «Zain zauden bitartean, ikusten duzu hango giroa... espetxeko zaindariek nola jokatzen duten presoen senideekin, aita barruan utzita alde egin nahi ez duen semea, etnia ugaritasuna... ijitoak, errumaniarrak, marokoarrak, euskaldunak... Egoera horretan, berehala ondorioztatzen duzu kartzela basakeria dela, eta ni pentsatzen hasi nintzen kartzelari nola aurre egin. Kartzela ‘gainditzen’ duzu ihes egiten, noski, baina, segurtasun neurriak direnak direla kontuan izanik, ihesaldiak fisikoa beharrean fantasiazkoa izan behar du. Ideia horrekin etxera joan eta gidoia idatzi nuen».

Gidoi hori oholtzan gauzatu ahal izateko, Kantuz eta Ozenki abesbatzak, Txaro Untzillaren dantza garaikideko konpainia, Ttarla euskal dantza taldea eta beste hainbat artista bildu dira. Esaterako, Maider Ansak eta Ainara Ortegak kantatuko dute; Eñaut Goia bertsotan arituko da; aurkezlearenak Txemi Apaolazak egingo ditu; soinu bandaz Roberto Yaben arduratu da; eszenografiaz-eta, berriz, Satur Idarreta eta Pello Goello. Guztira, 140 bat lagun arituko dira, denak amateurrak, Ander Lipus eta Iñigo Aranbarri aktoreak izan ezik. «Leopoldo Maria Panerori buruzko bakarrizketa batean ikusi genuen Lipus, eta une hartantxe ondorioztatu genuen hura zela guk behar genuen presoa. Berehala baiezkoa eman zigun, eta, kontrapuntua behar zela-eta, berak proposatu zigun Aranbarrirekin kontatzeko», adierazi zuten atzo ikuskizunaren arduradunek.

Zuzendaria Ainhoa Pineda da. Harro dago eginikoaz. «Profesionaltasun handiarekin lan egin duten amateurrak dira; eszenografia, argiak, jantziak... den-dena oso ondo lotuta dago», adierazi zuen.

Hiru gune batera

Ikuskizunean hiru gune daude: ziega bera, fantasiaren gunea ­dantzak-eta bertan egingo dituzte­ eta pantaila bat ­Chillida Lekun-eta grabatutako hainbat irudi erakutsiko dituena­. Pinedaren kezka nagusia «gune bakoitza bere aldetik ez joatea» zen. Entseguetan gauzak nola joan diren ikusita, lortu duela ematen du. «Hiru guneen erritmoa bateratzea lortu dugulakoan nago», esan zuen Pinedak berak atzo.

“Kastillako Dorreak” ez da Hernanin auzolanean sortu duten lehen ikuskizun handia, orain dela lau bat urte “Tangoka” taularatu baitzuten. Arrakasta handia lortu zuten. Horren lekuko da ikusle kopurua; 1.200, «denak sarrera pagatuta», gogorazi zuten. Ikuskizunean parte hartu zutenen artean ere oso oroitzapen ona utzi zuen ikuskizun hark. Horregatik “Kastillako Dorreak”i begira jendea biltzeko ez dute inolako arazorik izan, alderantziz baizik. «Horrelako gauzak egiteko oso herri aproposa da Hernani ­aipatu zuten atzo­. Guztira, 19.000 herritar gara, beraz, tamaina polita dantzari, musikari eta denetik izateko, eta, aldi berean, denok elkar ezagutzeko».

“Kastillako Dorreak”ek Hernanin ez ezik Hernanitik kanpo ere jakin-min dezente sortu omen du. Hori dela-eta, herritik kanpo ere antzeztea litekeena da. Baina, oraingoz, Biterikoak dira emanaldi seguru bakarrak. Apirilaren 25, 26 eta 27an eta maiatzaren 2, 3 eta 4an izango dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude herriko hainbat taberna eta dendatan.



Gaztelako kartzelak
«Orain dela berrogeita hamar urte ­adierazi zuen Javier Zubimendik­, Gaztelara joan eta bertako katedraletako dorreekin txundituta geratzen ginen. Azkenaldion, berriz, txunditzen gaituzten dorreak ez dira katedraletakoak, espetxeetakoak baizik; esaterako, Madril inguruan dauden segurtasun handiko bost espetxeetakoak». Horra ikuskizunaren izenburuaren erreferentea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero afirma que aspira a otro consenso político y elogia al PNV
Mundua
Haniyeh afirma que el origen de la violencia en Palestina es la larga ocupación israelí
Euskal Herria
La Guardia Civil detiene a Ibon Meñika
Kirolak
Josune Bereziartu se supera con un 8b+ a vista
Kultura
El Festival de Nuevo Cine Europeo suma novedades en su segunda edición
Euskal Herria
Egibar reitera a la juez su relato de torturas y niega las acusaciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea