Antxeta Irratia emisiorik gabe urak egoitza hartu baitu
·Irratiaren gaineko solairuan zegoen berogailu bat erori eta lokala urez bete zen
Igande gauean Antxeta Irratiaren egoitzaren gainean dagoen solairutik erori zen urak lokalaren azpiegiturak eta irrati emisioak egin ahal izateko teknologia erabil ezineko egoeran utzi ditu. Astearen bukaerarako emisio lokalak ziurtatzen saiatuko dira Antxetako langileak.
HENDAIA
«Lurrikara bat izan balitz bezala dago irratia, sabaia erori egin da eta zorua altxatu», azaldu zuen Antxeta Irratiko langile Maia Muruagak Hendaiako De Gaulle jeneralaren boulevardean dagoen egoitzaren egoera deskribatzeko. Urak eragindako kalteen osotasuna oraingoz jakitea ezinezkoa bada ere seguru-etxeetako teknikariak etorri arte ezin baitira gauzak bildu estudio nagusiko kontrol mahaia, ordenagailua eta beste ekipamendu teknikoa busti-bustia dagoela ziurta daiteke; beraz, ezin da erabili eta barnean zen informazioa berreskuratu ahal izango den ere ezin da jakin. Sabaian ezarria zegoen akustika babeslea urarekin desegin eta erdizka erori egin da, eta lurra egurrezkoa den tokietan handitu eta altxatu egin da.
Igande gauean irratiaren lokalaren jabeak, ateetatik ura irteten zela ikusita, uraren horniketa moztu zuen eta ondoren Euskal Irratietako koordinatzailea eta suhiltzaileak deitu zituen. Istripuaren jatorria irratiaren gainean dagoen solairua izan zen. Hutsik dagoen etxebizitza honetako ur berogailua erori egin zen eta hodietako ur guztia Antxeta Irratiko egoitzara jausi zen.
Irratiko lau langileak lanean ari dira Txingudiko badiako emankizun lokalak, bederen, ahalik eta lasterren bermatu ahal izateko. Antxetaren lokala eta gaineko solairua jabe berarenak dira, eta, irratiaren egoitzaren egoera ikusita, ia galerarik jasan ez duen goiko solairua doan hilabetez erabiltzen utziko die langileei. Han estudio txiki bat ezarri nahi dute. Atzo Metak argitaletxeak utzitako mahai eta apalak ezartzen aritu ziren irratiaren lokala berriz erabili ahal izan arte baliatzeko.
Seguru-etxeetako teknikariek beren iritzia eman arte ezer ziurtatu ezin bada ere, egoitzaren egitura kaltetua izan dela ikusita eraberritze lanak luzera jo dezakeela aurreikus daiteke.
Bidasoamedia.info astekari digitalaren egoitza nagusia ere bada Antxetaren lokala, beraz, material kalteak eta bestelako arazoak direla medio, astekariaren eguneratzean zenbait atzerapen jasan ditzakeela jakinarazi nahi izan dute aldizkariko arduradunek.
«Bidasoan Euskaraz» irratiaren aldeko jaia
HENDAIA Uholdeak Hendaiako irratian sortu dituen kalteei aurre egin ahal izateko Antxetako langile eta kideek dei zabala egin die Bidasoa-Txingudiko elkarte, eragile, eta, bereziki, euskalgintzako eragileei une zail hauetan lagun ditzaten. Oroitarazi nahi izan dute joan den urtean bezala aurten ere Antxetaren aldeko jaia den «Bidasoan Euskaraz» antolatuko dutela. Maiatzaren 19tik 21era egoera tamalgarri horren aurrean Antxeta Irratiari sostengua emateko parada aproposa izango da, beraz. Laguntza eman nahi dutenek Euskadiko Kutxan kontu zenbaki honetan diru-laguntzak eman ditzakete: GEIE Antxeta Irratia 3035 0059 81 05900 71330. Baionako Entzun Ikus eta Irungo Pausu elkarteek 2001ean sortu zuten Txingudiko badiako euskarazko irratia da Antxeta. Hasieran Gure Irratiaren adar moduan sortu zena, gero egitura berezitu bilakatu zen. Joan den urrian Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Gure Irratiarekin batera Euskal Irratien Federazioan sartu zen, eta orain arte egunero hiru deskonexio egiten zituen Txingudiko azken orduaren berri emateko.
|