GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-19
Euria artifizialki eragingo dute Pekin garbitzeko
Pekingo agintariei buruhauste ederrak ematen ari zaie ekaitzak Gobiko desertutik ekarri eta hiria estali duen harea kapa. Kutsadura atmosferikoa handitu du eta hiritarren artean arnasa hartzeko arazoak ugaritu dira. Horiek hala, hodeiak hainbat substantziarekin «leherrarazteko» asmoa erakutsi dute, euritan hasi eta hiria garbitzeko.

PEKIN

Pekin hiria astelehenaz geroztik hareaz estalita dago, eta bertako agintariek, besterik ezean, euria artifizialki eragingo dutela jakinarazi dute hiria garbitzeko. Izan ere, Gobiko desertutik ekaitzak ekarritako harearen ondorioz, hiriko kutsadura atmosferikoa modu nabarmenean handitu da eta pekindar ugarik arnasa hartzeko zailtasunak ditu.

Pekingo agintariek aditzera eman dutenez, Meteorologia Zentroak Pekin gainean dauden hodeiak «leherraraziko» ditu zilar ioruroarekin eta beste substantzia batzuekin, lurrunarekin erreakzioa egin eta euritan hasteko. Horretarako kanoiak eta hegazkinak erabili ohi dira. Sistema bera sarri erabiltzen dute Txinan bai lehorteei aurre egiteko bai eta suteak itzaltzeko.

Hareazko ekaitzaren erdigunea Txina eta Mongolia arteko mugan dago, baina bere eragina ehun kilometro itzulinguruan nabari da, are gehiago, harea pilaketak gertatu dira Japoniako iparraldean ere.

Harearen eraginez makina bat lagunek arnasa hartzeko zailtasunak dituzte. Hori dela-eta, Pekingo agintariek ahal bada kalera ez ateratzeko gomendioa egin diete hiritarrei, batez ere, adineko pertsonei, haurrei eta arnasa hartzeko zailtasunak izaten dituzten pertsonei. Izan ere, kutsadura 5. mailara iritsi da, mailarik altuenera, eta larrialdietara arnas arazoekin joaten den pertsona kopurua %20 handitu da. Gobiko desertutik etorritako hareak, gainera, udaberrian sartzearekin batera ugaritu den polenarekin bat egin du.

Astelehenean, hiria hareaz estalita jaiki zenean Pekingo agintariak bazterrak garbitzen saiatu ziren. Urarekin 500 bat ibilbide garbitu zituzten eta konponketa lanetako indusketak debekatu zituzten, besteren artean. Hala ere, ahaleginak ez zuen ezertarako balio izan, hiria berriz ere hareaz estalita esnatu baitzen atzo goizean.

Harea ohi baino lodiagoa da

Pekindarrak ez ditu ezustean hartu gertaera horrek, maiz izaten baitituzte modu horretako ekaitzak. Oraingoan aldea zera da: harea lodiagoa dela eta, beraz, ikusgarriago gertatzen dela. Aditu hainbatek adierazi dutenez, azken urteetako ekaitzik okerrenetakoa izan da horrakoa. Pekingo Udaleko ingurumen arloko arduradunek aditzera eman dutenez, airean dauden partikulak ohiko hautsa (0,1 milimetro) baino hamar aldiz handiagoak dira.

Egoerak ez du hobera egiteko itxurarik; gainera, Mongoliako desertifikazioagatik, adituen esanetan, litekeena da maizago gertatzea horrelako ekaitzak.



Olinpiar Jokoetan euria egin ez dezan ere, «leherketak»
Pekinek hartuko ditu 2008ko Olinpiar Jokoak. Udalak azaldu duenez, hodeiak artifizialki leherraraziko dituzte jokoak hasi aurretik, irekiera ekitaldiak irauten duen bitartean euririk egin ez dezan. Kontuan hartu behar da, ordea, beti ez direla nahi bezalako emaitzak lortzen. Iazko udan kazkabar erauntsi handiak bota zituen Pekinen, eta hainbaten ustez hodeiak lehertu izanaren ondorio izan ziren.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero afirma que aspira a otro consenso político y elogia al PNV
Mundua
Haniyeh afirma que el origen de la violencia en Palestina es la larga ocupación israelí
Euskal Herria
La Guardia Civil detiene a Ibon Meñika
Kirolak
Josune Bereziartu se supera con un 8b+ a vista
Kultura
El Festival de Nuevo Cine Europeo suma novedades en su segunda edición
Euskal Herria
Egibar reitera a la juez su relato de torturas y niega las acusaciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea