GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-04-19
Gazteria, independentziari ateak irekiz
indar erakustaldi itzela izan da aurtengo gaztetopagunea ere. gazteen antolakuntza eta konpromisoaren tamaina agerian utzi du beste behin ere gazteen ekimenak. independentzian bizi nahi izatetik bizitzerainoko jauzia gero eta gauzagarriagoa dela ere argi irudikatu du.

Askotan, gehiegitan izan ohi dira gazteak komunikabide, politikari edota helduen ahotan hizpide. Alferrak, diziplina gabeak, txoriburuak, gaiztoak, biolentoak... Baina, gutxi izan ohi dira gazteei hitza eman eta eurek lehen pertsonan beren nahi, behar eta aldarrikapenak plazaratzeko izan ohi dituzten aukerak. Are gutxiago, independentziaren eta bestelako gizarte eredu baten aldarriak, aldarrikapen huts izatetik errealitatea izan dadin egunero eraikitze lanetan ari diren euskal gazteak badira.

Erakustaldia izan da beste behin ere aurtengo Gazte Topagunea, euskal gazteriaren osasun, antolakuntza, konpromiso eta grinaren indar erakustaldi itzela. Erakustaldia baita Nafarroan, Etxa- rri Aranatzen, milaka eta milaka gazte lema eta helburu berarekin elkartzea. Baina, joan den asteburuan bizitakoa ikusita, ziur, Beriain mendi puntan izango balitz ere, han izango zirela milaka gazte horiek guztiak.

Gazte Topaguneko leloak esan bezala, «tipi tapa» hasi zen iristen ostiralean, Euskal Herriko txoko guztietatik, gazte andana Sakanako herrira. Orotara, antolakuntzatik emandako datuen arabera, 50 autobus baino gehiago izan ziren goizean goiz bertaratu zirenak. Baina, ez ziren bakarrak izan. Guardia Zibilak ordurako jada hiru kontrol ezarriak baitzi- tuen Etxarri Aranatzerako sarbideetan. Batzuk ordu eta erdiz gelditu zituzten, beste batzuk katxeatu eta guzti egin zituzten, beste batzuei Gazte Topagunean «ondo pasatzea» opa zieten guardia zibilek, eta Gasteizko gazte bati, esate baterako, jada polizia kontrol batean egona zen ziurtagiria eta guzti egin zioten, hurrengoetan gelditua izan ez zedin.

Oztopoak ezarri arren, 2006ko Gazte Topagunea hasia zen. Eguerdirako dagoeneko 3.500 lagun ziren soilik kanpalekuan dendak jarri zituztenak eta milaka izan ziren harrera ekitaldian parte hartu zutenak.

Euskal gazteen antolakuntza maila goraipatu zuen Gazte Topagunearen irekiera ekitaldian hitza hartu zuen Irlandako O´Gra Sinn Fein erakundeko or- dezkariak ­Segi gazte erakundearen gonbidatu gisa astebete lehenago jada Euskal Herrian ziren Irlanda, Korsika eta Finlandiako gazte erakundeetako kideak, eta gero Gazte Topagunean parte hartzera joan ziren­. Eta ez zen gutxiagorako. Gazte Topagunetik emandako datuen arabera, 4.000 gazte inguru boluntario gisa lanean aritu dira Gazte Topagunea posible izan zedin, eta beste milaka gaztek egun horiek ahalik eta ondoen igaro zitzaten; bai muntaiarako edota guneetarako eskaintzak bermatzeko lanean aritu dira, besteren artean.

Bitarteko komunikatiboetan jauzia

Zazpigarren edizio honetan lagun gisa azaldu dena eguraldia izan da. Aurrekari ahaztezinen aurrean ­Itsasondon izandako euri-jasena edota lehenbiziko Topagunea Etxarrin egin zenekoa­ aurten- goan hobea izan da, nahiz eta ostiral gauean, jada 6.000 lagun inguru kanpatuak zirenean, haize boladek kanpin denda bat edo beste aurretik eraman zituen. Eguraldia lagun izan bada, giroa, lagun baino, maitale bilakatu da. Izan ere, jai giro paregabea bizi izan baita egunotan Sakanako udalerrian. Hogei laguneko trikitilari gazteak kaleetan barrena, Gazte Olinpiaden finala ­Gipuzkoa garaile atera zena­, joaldunak, zanpan- tzarrak, Musikherriko hamaika musi- ka talde kalean emanaldiak emanez, bertso-saioak, sabel dantza irakastaldi herritarra, talogileak, txosnetako giro ezin hobea...

Jai giroan ongi pasatzeko beta egon bada ere, ikasteko, esperientziak elkartrukatzeko eta gazteek urtean zehar egin dituzten borrokak partekatzeko parada ere egon da Herri Eskola gunean. Intsumisioaren borroka, prekarietatearen aurkakoa, ikasle borroka, euskal sindikalgintza, autogestioa, gaztetxe eta gazte asanbladak, Palestina eta Panaman brigadista gisa izandako gazteen testigantzak, eskubide sozialen gaineko Elkartzen-en borroka, Joseba Permachen hitzaldia egungo egoera politikoaren gainean, sozialismoaren gaineko Justo de la Cuevaren hitzaldia, euskal nekazari gazteak, bideo tailerrak, laster abiatuko den Gaztetxe Martxaren aurkezpena... Dozena bat hitzaldi, mahai-inguru eta tailer arrakastatsu eta parte hartzaile izan dira aukeran egunero Herri Eskola gunean.

Gazteek hitza hartzeko eta beren esanak eurek esateko ezinbestekoak diren tresna komunikatiboen indartzea ere erakustaldi bilakatu da Etxarri Aranatzen. Izan ere, idatziz, uhinez eta internet bidez eman baita berri Sakanako herritik Euskal Herrira eta nazioartera lau egun horietan bizitzen ari zen guztiaz. “Xirika” gazte kazeta egunkari bilakatu da egun horietan, hain justu GARArekin txertatua, Gaztesareak etengabeko jarraipena egin du Gazte Topaguneaz, Kultur Etxea gunean jarritako erredakzio partekatutik. Gutxi balitz, Gaztesareko Irauli Uhinak irratsaioa irrati bihurtu da internet eta FM bidez Etxarriko gertaerez berri emateko. Gainera, Eguzki Irratiak ere, orain urte batzuez geroztik nolabaiteko geldialdian zegoen Iruñeko herri irratiak, Gazte Topagunea aukeratu du bere uhinetarako itzuleraren abiapuntu gisa.

8.000 lagunentzako kanpalekua lepo

Gazte Topaguneak aurrera jarraitzen zuen artean, jendearen etorrerak ez zuen etenik izan. Larunbat goizerako jada kanpalekua betea zegoen. Zortzi mila lagunentzako prestatu zuten gunea txiki gelditu zen, eta alboko lur sailak ere kanpaleku gisa moldatu behar izan zituzten. Antolatzaileek esandakoaren arabera, soilik larunbatean 14.000 lagun igaro ziren Etxarritik.

Eguna ongi hasteko ondo gosaldu behar dela diote. Eta, Gazte Topagunetik igaro diren gazteek, bederen, ez dute kexurik izango. Izan ere, Akeita Gunean kafeak, zukuak, opilak eta lasai egoteko aukera izan baita, bai eta ondoko gunean otartekoak jateko aukera ere. Kontzertu emanaldi arrakastatsu eta jendetsuak ere gauero-gauero hor izan dira, 10.000 lagunentzako edukierako karpan.

Jaia eta aldarrikapena uztartzen diren gazte ekimen erraldoi gisa aurkeztu bazen Gazte Topagunea, azken horrek ere izan du protagonismoa. Larunbat iluntzean izan zen, esaterako, Topaguneko ekitaldi politiko nagusiena. «Tipi tapa, independentzian topa» leloa bazuen aurtengo edizioak, independentziaren aldeko borrokan jarraitzeko deia egin zen bertan, «gazte askez osaturiko herri askea» izan dadin Euskal Herria.

Aberri Egunean ere ekitaldia izan zen eguerdian, eta, arratsaldean, Iruñean Udalbiltzak egin zuen ekitaldira ere bost autobus bideratu ziren Gazte Topagunetik. Euskal Herriak bizi duen une politiko berri honetan, gatazka politikoa konpontze bidean gazteen ekarpena ere kontuan hartzekoa dela nabarmendu zuten bertan, eta euskal herrialde guztietako gazteak non eta Nafarroan batu dituen ekimena bera ere ekarpen bihurtu da azkenean ildo horretan.

Hamabi urte eta zazpi edizio igaro dira jada euskal gazteen egitasmorik arrakastatsuena abiatu zenez geroztik. Eta aurtengo edizioarekin, Gazte Topaguneaz beste, euskal gazteria independentista ere indarberriturik itzuli da Euskal Herriko herri eta auzoetara. Urte guzti hauetan izan den belaunaldi berrien parte hartzearen jarraipena ere agerikoa izan da aurten, berta- ratu diren gaztetxo ugari kontuan hartuta.

Izan ere, herri bateko gazteria osasuntsu eta indartsu baldin badago, baita bere etorkizuna ere. Horixe egin dute Etxarrin, etorkizuna eskuetan hartu, eta aske bizi izan diren gazteen herri askea eraikitzen jarraitu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero afirma que aspira a otro consenso político y elogia al PNV
Mundua
Haniyeh afirma que el origen de la violencia en Palestina es la larga ocupación israelí
Euskal Herria
La Guardia Civil detiene a Ibon Meñika
Kirolak
Josune Bereziartu se supera con un 8b+ a vista
Kultura
El Festival de Nuevo Cine Europeo suma novedades en su segunda edición
Euskal Herria
Egibar reitera a la juez su relato de torturas y niega las acusaciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea