GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-28
Juan Carlos PEREZ | Musikaria
«Soul, blues eta jazz soinuekin sentitzen naiz orain erosoen»
Garai bateko Itoizen «Astelehen urdin batean» aukeratu du JuanCarlos Perezek «Hiriko istorioak» lana ixteko. Hogeita hamar urte duen abestiarekin pop-rock ukitua eman dio jazz kutsuko zuzeneko diskoari. Eskarmentu handiko musikariez inguratuta, zuzeneko lana plazaratu berri du mutrikuarrak.

Eskenatokietatik urrun egon da Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958) azken bost urteetan. Fisikoki bai, behintzat. Epealdi luze horretan sorkuntza lanari ekin dio buru belarri. Lan horretan etenaldia egin eta, udaberriarekin batera, ‘‘Hiriko istorioak’’ (Elkar) kantatzeko itzuli da oholtzetara Andrzej Olejniczak (saxo), Chris Kase (tronpeta), Alberto Urretxo (tronboia), Gonzalo Tejada (kontrabajoa) eta Fernan Irazokirekin (bateria) batera. Bilbon zela diskoa aurkezten, hari buruzko xehetasunak eman zizkion GARAri.

­Estudiora jo duzue zuzeneko lana grabatzeko. Zergatik?

Kontzertu bat zuzenean grabatzea zen hasierako ideia. Baina ez zen hain erreza musikari guztiak elkartu eta entseguak egitea, banda honetan musikari bakoitzak bere mundua du-eta. Orduan beste formula hau zegoela konturatu nintzen. Niri asko gustatzen zaidan formula da, zuzenean baina estudioan egitea. Kontzertu batean bezala jotzea da, baina entzulegorik gabe. Gauzak errazten ditu, errepika dezakezulako. Guretzat aproposa zen, oraindik entseguak egin gabe geundelako... Formula bat da, estilo bat esango nuke, sonoritate mota bat. Ez dauka zuzeneko dokumentu hori, baina nik nahikoa neukan kantuen bertsioa zuzenekoa izatearekin, musikalki erresoluzio hori edukitzearekin.

­Entsegu gutxirekin, inprobisazio kutsua izango du.

Ez hainbeste; diskoan ageri diren kantak, egitura eta forma aldetik, duela lau urteko berdinak dira.

­Zure gain hartu dituzu moldaketak eta ekoizpen artistikoa. Zertan izan da zure lana «Hiriko istorioak» honetan?

Nire lan guztietan, oso gainean egoten naiz gehienetan. Denetarik egiten dut: pianoa eta gitarra jo, kantak egin eta kantatu, eta kasu honetan, moldaketak idatzi, asko gustatzen zait. Produkzioari dagokionez, Jean Phocas teknikari eta lagunarekin elkarlanean jardun naiz. Jean soinuaren eskultorea da.

­Esperientzia handikoak dira, era berean, bandarako hautatu dituzun musikariak.

2001ean jotzeari laga nion. Errepertorio batekin utzi nion, errepertorio hauxe bera ia. Orduan ginen Tejada kontrabaxuan, Irazoki baterian, eta neu pianoan eta gitarran. Hiruron artean sortu zen hizkuntza soul-pop-jazz hau. Hura diskoan grabatu behar zela bururatu zitzaidanean haizezko sekzioa deitu nuen. Tronpetista mota zehatz bat behar nuen. Suertea izan dut Chris Kaser Madrilen bizi den amerikarrarekin kontatu ahal izan dudalako. Haren jazz estiloa oso aproposa zen niretzako. Tronbon jotzailea bilatzen nenbilela, Alberto Urretxori proposatu nion eta baiezkoa eman zidan. Andrzej Olejniczak poloniarrarekin Itoizen garaietatik askotan kolaboratu dut. Bakoitzak bere proiektua du, baina denek dute ezaugarri komun bat: soinu oso ona. Maila handiko musikariak dira eta horregatik oso erraza izan da eurekin lan egitea.

­Eta Mario Clavell Larrinagari buruz zer diozu?

Harentzat flauta eta pianorako sonata bat idatzi nuen. Hura mundu klasikotik dator. Rock munduan zerbait egin nahi zuen. ‘Astelehen urdin batean’en bertsioa egiteko asmoa nuen. Flauta oso nabarmena da kanta horretan. Kolaborazio gisa parte hartu du.

­Bakarkako lanetatik ateratako errepertorioa dago funtsean. Pieza berririk ere entzun daiteke, Itoizen diskografiatik berreskuratutako «Astelehen urdin batean»en alboan. Elementu horien guztien arteko batasuna bilatu al duzu?

Oinarrian, aurretik neukan errepertorioa da, baina berriz jantzita, beste estetika batekin. Hala, kantek beste kutsu bat hartu dute. Batasuna bandak ematen dio. ‘Astelehen urdin batean’ bonus track modura dago, baina ez dauka zerikusirik diskoarekin.Diskoa beste bide batetik doa, pop-jazz bidetik.

­Pianoa jotzen berandu hasi zinen. Zer ekarri dizu pianoak?

Itoizekin bukatu eta gero hasi nintzen pianoarekin, batez ere, konposizioari begira. Musika beste era batera konposatzeko modua eman dit. Gitarrak beste leku batetik eramaten zaitu.Orain, gero eta gehiago, pianoa da nire instrumentua. Pianoak bide zabalagoa ireki dit, konposizio alorrean, bai eta interpretatzeko unean ere. Disko honetan ‘Atlantic River’ekin hartu nuen bidetik abiatzen naiz berriz. Horrek esan nahi du hor nagoela erosoen: soul, jazz, blues soinuekin.

­Musika kontsumitzaile gisa, bada, estilo horietara jo duzu azken urteotan?

Ez. Musika klasikoa, kamera musika garaikidea kontsumitu dut. Pop, jazz edo blues musika tarteka entzuten dut, norbaitek disko bat uzten didanean.

­Jazzarekin eroso zaudela diozu. Aurrerantzean haren aukerak ikertzeari eutsiko diozu?

Orkestra bat sortzea ikusten dut interesgarri. Gauza da, beharbada, ez dagoela horretarako publikorik.

­Hitzak nahiko intimistak dira.

Musikaria naizenez, lehenengo musika egiten dut beti. Soinua bilatu eta ondoren kantatu beharra sentitzen dut; orduan sortzen dira hitzak. Ez naiz kantautorea. Kanta jeneroa literarioa da, ez da musikala. Gustatzen zait hitzak musikaren atzean egotea, arinak izatea.

­Zuzeneko diskoa jendeaurrera eramango al duzue?

Eman ditugu emanaldi batzuk. Biran gaude, eta urte osoa egongo gara jotzen.

­Giro edo espazio jakin batzuk beharko al dituzue?

Ez. Antzokietan jotzen ohitzen ari gara. Dena den, ni erosoen klub batean sentitzen naiz, barra batekin akaso. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Abolir la amnistía para condenar a Otegi
Euskal Herria
Barrenetxea relata que la Guardia Civil le hizo «la bolsa», la golpeó y la desnudó
Mundua
La dirección de ERC propondrá un «voto nulo político» en el referéndum del Estatut
Iritzia
Día de la Seguridad y la Salud en el Trabajo
Kultura
Hijos de balleneros vascos
Euskal Herria
La Audiencia Nacional española condena de nuevo a Arnaldo Otegi
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea