Joseba Jaka beken deialdi berria egin du Elkarrek
·Euskal literatura sustatzea helburu, 70.000 euro banatuko ditu fundazioak
Joseba Jaka VI. Literatur Beken deialdiaren berri eman zuen atzo Elkar Fundazioak. Eleberria, olerkia, saiakera eta haur eta gazte literatura alorretan, bina beka izango dira. Guztira, 70.000 euro. Epaimahaikoak, berriz, Joxe Azurmendi, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Jon Alonso, eta, aurten lehenengo aldiz, Eider Rodriguez izango dira.
DONOSTIA
Mari Jose Irizar Elkar Fundazioko lehendakariak ohartarazi zuenez, apirilaren 16an bete dira hamar urte Joseba Jaka hil zela. Hori dela-eta, editore euskaltzalearen izena eta «espiritua» daramatzaten eta fundazioak bi urtean behin ematen dituen literatur beken beste deialdi bat egin dute. Euskal literaturan parekorik ez duen ekimen baten ezaugarri nagusiak gogoratu zituen Jon Jaka fundazioko idazkariak. Eleberria alorreko bekak 14.000na eurokoak izango dira; gainerakoak, berriz, 7.000koa bakoitza. Guztira, 70.000 euro. Epaimahaikoak Joxe Azurmendi, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Jon Alonso eta Eider Rodriguez izango dira. Proiektuak entregatzeko epea abenduaren 19an bukatuko da, eta bekadunak zein diren 2007ko apirilaren 23an, Liburu Egunean, ezagutaraziko dute antolatzaileek. Irabazleek 2008ko iraila arte izango dute lana burutzeko astia. Ondoren, Euskal Herriko edozein argitaletxerekin plazaratzeko aukera izango dute, argitaletxe hori fundaziokoa izan ala ez. Nolanahi ere, araudiari buruzko xehetasun zehatzak www.elkarfundazioa.org edo fundazioaelkar.com-en bidez lor daitezke. Beken seigarren deialdiko berrikuntzetako bat Eider Rodriguezek epaile lanetan parte hartzea da. Laura Mintegiren ordez arituko da. Horrela, «lubakiaren» bi aldeak ezagutzeko aukera izango du. Izan ere, beken laugarren deialdiko irabazleetako bat izan zen Rodriguez, eta horrek lagundu zion “Eta handik gutxira gaur” idazten. «Esperientziaz dakit beken funtzionamendua guztiz serioa dela esan zuen atzo epaile berriak. Gauza normala izan beharko luke, baina ez omen da horrela».
Boligrafoa, papera, denbora Idazteko, boligrafoa eta papera nahikoa omen dira, baina denbora, eta, ondorioz, dirua ere behar direla gogorazi zuen, eta bekek horretan lagundu dezakete.
Epaimahaian idazle handiak egonda, «bertigo» pixka bat sentitzen duela aitortu zuen, baina, ordainean, haien ondoan ikasteko aukera izango duela ere nabarmendu zuen.Mikel Arrizabalaga fundazioko kudeatzaileak, berriz, beken azken deialdian nagusitu ziren proiektuetatik batzuk urtea bukatu baino lehen argitaratzeko moduan egongo direla aurreratu zuen. Edorta Jimenez, Lutxo Egia, Jon Arano, Luis Garde, Martin eta Xabier Etxeberria, Joxan Oiz, Fito Rodriguez eta Pablo Sastre izan ziren irabazleak.
|