Programa oparoa Hik Hasiren VII. Topaketetan
·Orotara, 36 ikastaro emango dituzte uztailaren 4a eta 6a bitartean
Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoak uztailaren 4a eta 6a bitartean egingo dituzte aurten. Orotara, hainbat alorretako 36 ikastaro eskainiko dituzte. Antolatzaileek topaketotan parte-hartzaileen artean gertatzen den trukea nabarmendu nahi zuten.
DONOSTIA
Zazpigarren urtez, Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoak antolatu ditu, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin elkarlanean. Heldu den uztailaren 4an, 5ean eta 6an izango dira, eta egoitza nagusi gisa EHUren Pedagogia Fakultatea izango badute ere, Txillida Lekura edota Kutxaespaziora ere egingo dituzte txangoak.
Egitaraua aurkezteko atzo egin zuten agerraldian, orotara, hainbat alorretako 36 ikastaro eskainiko dituztela azaldu zuen topaketen koordina- tzaile Joxe Mari Auzmendik, eta «edonorentzat interesgarriak» izan daitezkeela esan zuen.
Felix Basurko EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko ordezkariak parte-hartzaileen artean egiten duten trukea nabarmendu zuen. «Hezkuntza sistemak gaur egun ez du trukerako eta lan-talde bat sortzeko aukerarik ematen irakasleak batetik bestera ibiltzen direlako, eta topaketa hauetan izango da horretarako parada», azaldu zuen.
Jorratuko dituzten gaiei dagokienez, gaurkotasuna duten arloak ahotan hartuko direla azaldu zuten. Hala, besteren artean, Islama edota teknologia berriak hizpide izango dituzte. Aurkezpenean parte hartu zuten ere bai HUEZIko Fakultateko irakasle Edurne Galindezek eta Txillida Leku Museoko Heziketa Arloaren arduradun Amaia Fernandezek, «Familia eta eskola elkarlanean: hezkidetza» eta «Txillida: artea eta Heziketa» ikastaroen emaileak, hurrenez hurren.
Ikastaroak goizez izango dira. Arratsaldean, berriz, saio irekiak egingo dituzte aukeran, interesa duen ororentzat. Haietan, «Anorexia eta Bulimia. Zer egin dezakegu hezitzaileok?» solasaldia emango dute hainbat adituren parte-hartzearekin, eta Joserra Fachadok eta Dabid Errastik «Niko eta Periko» antzezlana emango dute, bi aktoreen hizketaldiarekin batera.
Antolatzaileek esan zutenez, matrikula egiteko epea maiatzaren 1ean zabalduko dute, eta nahi duen orok hilaren 26a arte izango du izena emateko aukera.
Era berean, heldu den urrian, 11tik 15era, Regio Emilia heziketa ereduarengatik sona lortu duen haur eskolara irteera antolatu dutela jakinarazi zuen Auzmendik. Izena emateko epea hil honen 12an amaituko dela gogorarazi zuten.
|