Lazkaoko jaiak
Lazkao bete-betean sartu da San Prudentzio festetan
Lazkaoko herria bete-betean sartuko da San Prudentzio jaietan. Iragan den asteburuan hasi ziren, eta hilaren amaiera arte eutsiko diete lazkaotarrek ospakizunei. Behin herriko jaiak amaiturik, festak Lazkaomendin izango du segida. Patroiaren egunean, San Prudentzio ermitarainoko prozesioa eta kirol-ekitaldiak nabarmentzen dira programan.
LAZKAO
Iragan den asteburuko ajeak pasatu ostean, herriko zaindariaren egunarekin batera ekin diote berriro ere festa giroan sartzeari Lazkaoko herritarrek. Izan ere, San Prudentzio eguna eta horrekin batera datozen festak ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dute asteburu honetarako.Udaberrian izaten diren lehendabiziko festak direnez gero, inguruko herrietako jende ugari joaten da Gipuzkoako herri horretara eta, horiek hala, programa zabala osatu nahi izan dute; kirol-ekimen, elizkizun eta ekitaldi-kulturalez josia agertzen da. Elizkizunek garrantzi berezia hartzen dute herriko zaindariaren egunean, eta, Aste Santua amaitu berria den arren, urteetan egin duten prozesioak bizirik dirau.
Baselizarainoko ibilaldia
Goiz-partean, herriko erdigunetik abiatu eta santuaren izena daraman baselizarainoko ibilaldia egiten dute lazkaotarrek, baina herriko festak direla-eta, prozesioan parte hartzen dutenekin batera, trikitilariak abiatzen dira igoerako bidea girotze aldera. Behin ermitara iritsita, Meza Nagusia hasten dute. Oin Arin dantza taldeak emango die amaiera San Prudentzio eguneko elizkizunei, eta dantza ekitaldiek bazkalostean izango dute segida. Izan ere, agintariek herritarrei eskaintzen dieten soka-dantza da Lazkaoko sanprudentzioen bereizgarrietako bat, ekimen hori beste herri batzuetan egiten badute ere, ez baita ohikoa izaten agintariek herritarrei dantza saioak egitea. Udaleko Kultura Sailak adierazi duenaren arabera, 60ko eta 70eko hamarkaden artean galdu eta azken urteetan berreskuratu dute. Sokadantza beste herri batzuetan ere egiten duten arren, Lazkaokoak berezitasun bat du: Udaleko agintariek egiten dute. Garai batean, Lazkaoren eta inguruko herrien arteko laguntasunaren isla zen ekitaldi hori, baina urteen poderioz, herriko alkatearen eta zinegotzien eskutan geratu da sokadantza egitearen ardura. Azaldu dutenaren arabera, sokadantzan parte-hartzaileak eskuak elkarri emanda aritzen dira eta zirkulu irekian egiten dute dantza.
Afariak San Benitok antolatuak
Lazkaoko San Benito ikastolak afariak emango ditu gauero atzotik hasi eta datorren astelehenera bitartean, herriko jaiak direla-eta. Afariak San Prudentzio eraikineko patio estalian izango direla jakinarazi dute, eta horien bidez lortzen duten dirua ikastola laguntzera bideratuko dute. Afaria garagardoz lagundua izango da.
Aizkolarien txapelketa eta harri-jasotzaile erakustaldia
LAZKAO San Prudentzio jaiak iragan den asteburuan hasi ziren. Orduan pilota partidei eman zitzaien nagusitasuna, eta asteburu honetan ere ez dituzte bazterrean utziko herri kirolak. Hartara, erakustaldi eta txapelketek hartuko dute arratsaldearen azken tartea. Urrezko Aizkora Txapelketa egongo da herriko plazan, eta bertan parte hartuko dute Nazabal eta Olasagasti aizkolariek. Horien ostean, harri-jasotzaileen txanda izango da. Zehazki, Hirigoien-Izeta IV.a eta Ostolatza-Barinaga izango dira elkarren kontra jardungo direnak.
|