PRAGA
Europako handienen artean isiliean bezala sartu du Tau Baskoniak bere burua. Finala jokatuko duten lau taldeen artean, Gasteiz da biztanleetan hiririk txikiena, eta historiaz ere, beste lau trasantlatikoen artean ere, txiki geratzen da Baskonia kementsua. Txikitasun konplexua delakoa gainetik kentzeko edo, izaeraz beti oso umil jokatu duen Perasovicek hauxe adierazi zuen Pragako udaletxe dotorean egin zen prentsaurreko erraldoian: «Baskonia oso talde handia egin da azken urteetan, jendeak Gasteizen uste duena baino askoz gehiago».
Parean, egungo txapeldunaz gain, Maccabiren 9.000 zaleak izango ditu Baskoniak gaur Sazka Arenan, baina horrek ere ez ditu kikilduko bere mutilak. «Horrenbeste jende atzetik izatea lagungarri gerta daiteke, baina presioa ere izan daiteke; jendearen laguntza ez da horren erabakiorra. Hala ere, hiriak eta testuinguruak kontuan hartzen baditugu, Gasteizko 1.500ak Tel Aviveko 9.000ak baino gehiago dira».
Hitza hartu eta berehala, Velimir Perasovicek taldeak beregan jarri zuen konfiantza eskertu nahi izan zuen, halako egun handiaren atarian egoteko aukera eman baitio. «Garrantzitsua da talde handi batera heltzea, baina baita lehiakorra eta langilea izatea ere. Anbizioa izatea funtsezkoa da. Baina bai nigan, baita nire jokalari guztiengan ere», aitortu zuen kroaziarrak.
Taldeen artean bezala, Perasovic bezalako entrenatzaile berri eta esperientzia gabea ere arrotz samar senti daiteke Europa osoko hiru entrenatzailerik handienen artean Obradovic eta Maljkovic falta dira ezagunenen artean.
Jokalari gisa titulurik handienak irabazi dituen arren, Euroliga hirutan irabazitakoa baita Spliteko talde gogoangarri harekin, entrenatzaile gisa Kopa bat baino ez du irabazi Perasek;hori bai, aurtengoa du bere bigarren urtea goi mailako talde bat zuzentzen.
Parean aldiz, azeri zaharrak izango ditu. Esaterako, finalerdietan arerio izango duen Pini Gershonek hirutan irabazi du Europako txapelketarik handiena (2004 eta 2005ean Euroligan eta 2001ean Suproligan), denak Tel Aviveko Maccabirekin.
Beste finalerdian, Perasovicen aurrekari eta Spliten lagun izan zuen Dusko Ivanovic aurkitzen da. Bartzelonako prestatzaile serbiarrak iazko eta 2001eko Euroligako finalak jokatu zituen, bietan Baskoniaren ardura zuela. Gainera, Europan txapela irabaztea zer den badakien horietakoa da, 99-00 denboraldian Limoges talde frantziarrarekin Koraca irabazi baitzuen.
Messina, beteranoena
Hala ere, Final Fourrean esperientzia gehien duen teknikaria Ettore Messina italiarra da, egun Moscuko CSKAren entrenatzaile dena. Boloniako Virtusekin 98 eta 2001 urteetako txapelak eskuratu zituen, azken hori Ivanovicen aurka. Gainera, beste hiru final ere jokatu ditu Benettonekin Bartzelonan 2003. urtean, Virtusekin 2002an Panathinaikosen aurka galdu zuen eta 1999an Zalgiris Kaunasen aurka.Esperientzia, izaera edo handitasun kontua izango da, baina atzoko prentsaurrekoanargi geratu zen Baskoniaren izaera umila; izan ere, Perasovic eta Scola politikoki zuzenak ziren eta adierazpenak egitera mugatu ziren. Gershon eta Messina, ordea, elkarri eztenak sartzen ibili ziren.