DONOSTIA
Urrezko Harri-jasotzea lehiaketa gaur bertan abiatuko da Lazkaon, Urrezko Aizkorako saioarekin batera. Aurtengo berrikuntza nagusia amaieran izango da.Iaz jasoalditara erabaki zuten auzia, eta aurten, pisuak erabakiko du.
Hasteko, Irigoien eta Izeta IV.a neurtuko dira Barinagaren eta Ostolatzaren aurka. Bat, Aimar Irigoien, iazko txapelduna da. Iaz Izeta III.arekin aritu zen, eta garaile suertatu ziren. Aurten Izeta IV.a izango du, eta lehiaketako bikorik gazteena izango da.
Bi gazte horiek Barinaga eta Ostolatza izango dituzte aurrez aurre, eta lehia zaila izatekoa da. Pisuak erabakiko duenez gero, bai Aimarrek bai Ostolatzak egiten duten lanak zer esan handia izango du.
100eko zilindro berria izango dute lanean hasteko. Hor, Izeta IV.a eta Barinaga arituko dira lanean. Gero, 200 kiloko harri errektangularra erabili beharko dute, eta harri horiekin arituko dira Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza. Lan horiek amaitutakoan, 113ko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin neurtuko dira, eta lantegi hori txanda librean izango da. Txanda bakoitza bi minutukoa da.
Aurten, ordea, lehiaketa horrek beste berrikuntza bat ere izango du, estreinako aldiz jokatuko baitute harri-jasotzaile berrien lehiaketa. Lau biko izango dira, eta etzi eguerdian jokatuko dute lehen saioa Zumaian. Lertxundi eta Astorkia Eizmendiren eta Telleria II.aren aurka neurtuko dira.
100 kiloko zilindroa eta 100eko kubikoa bakarka erabiliko dituzte, eta azkenik txanda librean, 100eko bola erabili beharko dute. Hemen ere txanda bakoitza bi minutukoa izango da. Lehiaketa horren bigarren ekinaldia astelehenean izango da Estibalitzen, eta etzi arituko ez diren bi bikoak neurtuko dira Mintxeta II.a eta Urrutia Urperen eta Agirreren aurka. Hemen, Mintxeta II.a min hartuta ibili da, eta bere parte-hartzea zalantzan dago. Berak lehiatzerik izango ez balu, seguruenik ere Atxa izango litzateke bere ordez. Hemengo harri-jasotzaileek Zumaiako lan bera egin beharko dute.