-Urrezko Aizkora -
Olasagasti eta Nazabal elkarren aurka arituko dira Lazkaon
·Gaur goizean, Txapartegiren eta Mugertzaren arteko dema izango da Armentian
DONOSTIA
Urrezko Aizkora unerik garrantzitsuenera sartzera doa, gaur bertan hasiko baitira final-laurdenetako ligaxkako saioak. Hala ere, goizean, final-zortzirenetako ekinaldia jokatuko dute. Izan ere, gaur, San Prudentzio eguna, bi ekinaldi izango baitira.
Goizean, Gasteizen, Armentian, final-zortzirenetako azkeneko ekinaldia jokatuko dute Txapartegik eta Mugertzak. Saioa 12.00etan hasiko da. Hasteko, kana-erdikoa zutik moztu beharko dute. Jarraian, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuko dute. Ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu arituko dira, eta azkenik, lau kana-erdiko moztuko dituzte. Gaurko kanporaketa irabazten duenak final-laurdenetako ligaxkan parte hartuko du, eta multzo horretan izango dira Nazabal eta Olasagasti. Bestean, Arrospide, Mindegia eta Larretxea izango dira.
Arratsaldean, Lazkaon, 19.00etan hasita, ligaxkari hasiera emango diote Olasagastik eta Nazabalek, Euskal Herriko txapeldunak eta bigarren sailkatuak. Aurreko saioetatik lana aldatuko zaie. Hasteko, kana-erdikoa zutik moztuko dute; gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebakiko dute. Hori amaitutakoan, 45 ontzakoa kolpeka moztuko dute. Hori bukatutakoan, 60 ontzakoa ebakiko dute zeinek azkarrago, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Dudarik gabe, ekinaldi aparta eskaintzeko moduan izango dira egungo bi aizkolaririk onenetakoak, eta seguruenik ere Lazkaoko plaza gainezka izango da bi aizkolari horien saioa zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Ligaxkako bigarren ekinaldia etzi jokatuko dute Zumaian, 12.15ean hasita, eta bigarren multzoko estreinako neurketa izango dute Mindegiak eta Larretxeak. Azken hori sei hilabeteren ondotik berriro ere plazetan izango da. Urriaz geroztik geldirik egon da gerriko arazoak izan dituelako, eta igandean ikusi ahal izango zaio berriro ere. Orain, ikusgai dago, horrenbeste denboraren ostean zer-nolako baldintzetan dagoen. Baina berriro plazetara itzultzeko asmoa hartu baldin badu, gaizki ez dagoen seinale da, eta poztekoa da Donato Larretxea lesioa gainditu eta berriro ikustea; izan ere, aizkolari handia da.
23 urtez azpikoen lehiaketa ere etzi hasiko da Zumaiako Odietako pilotalekuan, eta lehen jardunaldian Xabier Mindegia eta Jon Rekondo lehiatuko dira. 45 ontzakoa kolpeka moztuz hasiko dira. Gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu beharko dute, eta ondoren 60 ontzakoa zeinek lehenago bota arituko dira. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako moztu beharko dituzte.
Astelehenean, Estibalitzen 23 urtez azpiko aizkolarien bigarren saioa izango da 12.00etan, eta Mugertza II.a eta Amillano izango dira aurrez aurre. Bi aizkolari gazte horiek etzi eguerdian Zumaian Mindegia gazteak eta Rekondok egin beharreko lan bera izango dute.
|