LABen ustez lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa da normalizaziorako
Lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa dela nabarmendu du LABek, kontuan hartuta egungo ikasleak bihar langile izango direla. Horregatik, bestalde, Euskal Herria euskalduna izateko, lehenik eta behin hezkuntza sistemak ikasle euskaldunak bermatu behar dituela adierazi du. Horretarako, hezkuntza sistema propioa eskatu du.
DONOSTIA
«Euskal Herria euskalduntzeak lan mundua euskalduntzea exigitzen du, eta hori ezinezkoa da eskola euskaldundu gabe», aldarrikatu zuen atzo LABek, bere aburuz «gaurko ikasleak biharko langileak» baitira. Aldarrikapen horri eutsiz eta egungo hezkuntza politikek euskal ikasleak ez dituztela euskalduntzen salatuz, urtarrilaz geroztik martxan den «Bai eskolak euskalduntzeari» sinadura kanpainaren azken txanpan parte hartzeko deia egin du sindikatu abertzaleak. LABeko eledun Itziar Lopategi, Jon Urrusolo eta Mari Karmen Urteaga izan ziren lan mundua euskalduntzearen beharraz ohartarazteko agerraldian partaide. Irakaskuntzan, egun, euskarak duen egoera salatzearekin batera «euskarazko matrikulazioen gorakadak sortzen duen pertzepzio okerra» nabarmendu zuen Urteagak. Haren esanetan, euskararen normalkuntza bidean aurrerakada gisa ulertzen da euskarazko matrikulazioen igoera, eta horrekin batera, «hezkuntza sistematik ateratako ikasleak euskaldunduta» aterako direla. Baina datuak eskuan hartuta, Euskal Herriko hezkuntza sistemetatik igarotzen diren ikasleetatik hirutik bat euskalduntzen omen dira soilik sindikatu abertzaleak salatu zuenez. Gogora ekarri zuten, gainera, 2004ko ekainean Lakuako Hezkuntza Sailak egindako ikerketa, non Gipuzkoa, Araba eta Bizkaikoikasleak euskalduntzen ez zituen hizkuntza politika agerian uzten zuen.
«Are eta indar gehiagoz» «Dagoeneko bi urte igaro dira eta administrazioek egoera hori aldatzeko ezer ez egiteaz gain, matrikulazioetan ikasleen eskubideak urratzen dituzten hizkuntza ereduak eskaintzen» jarraitzen dutela ere gogor salatu zuten LABeko ordezkariek. Hain zuzen ere, egoera hori iraultzeko joan den urtarrilean hainbat eragilek Kontseilua, Oinarriak, AEK, IKA, EHE, UEU, LAB, EHBE eta IA, besteren artean abiarazi zuten «Bai eskolak euskalduntzeari» sinadura kanpaina.Datorren maiatzaren 27an amaituko da aipatutako kanpaina, eta azken txanpa horretan «are eta indar gehiagoz» parte hartzeko deia egin du LABek. Sindikatuak lan munduan jorratu duen arren kanpaina, euskal gizarteari dei egin dio ekimen honetan partaide bilakatzeko. Itziar Lopategiren esanetan, gazteen sozializazio gune nagusiak eskolak direla kontuan izan behar da, eta helduenak, aldiz, lantegiak direla. Beraz, Lopategiren aburuz eragin-gune horiek euskaldundu ezean nekez euskaldunduko dugu Euskal Herria. Horregatik, lan mundua euskalduntzearen beharra nabarmendu zuten LABeko ordezkariek, baita ikasleak euskalduntzen ez dituzten hezkuntza politikak aldatzekoa ere. Horretarako, herri euskalduna izateko, Euskal Herriko hezkuntza politika eskatu zuen sindikatu abertzaleak.
«Hizkuntza politika berri eta eraginkorra»
DONOSTIA Astelehenean, maiatzak 1, LABek eskualde guztietan egingo dituen manifestazioetan ere «Bai eskolak euskalduntzeari» kanpainan sinadura bitartez parte hartzeko aukera izango dela aurreratu zuten sindikatuko eledunek. «Hizkuntza politika berri eta eraginkorra Euskal Herri osorako» aldarrikatzeaz beste, bestelako neurri batzuk beharko lirateke, sindikatuaren esanetan, eraginkortasuna lortzeko. Bost izan ziren izendatu zituzten neurriak. «Euskararen ofizialtasuna bere lurralde osoan, Euskal Herri osoan», izango litzateke lehenengoa LABen aburuz. Bigarrena, «euskaldunduko duen Hezkuntza Sistema Propioa». Euskal Curriculuma Hezkuntza alorretako langileria, irakasleria eta gainontzeko langileek euskara ezagutu eta jakitea izango litzateke hirugarren neurria sindikatuaren ustez. Hizkuntza politika eraginkor egingo lukeen laugarren neurria «euskararen irakaskuntza Euskal Herriko kulturan, Eus- kal Curriculumean txertatzea» izango litzateke LABentzat. Azkena, aldiz, herri eragile, administrazio eta ikastetxeen arteko elkarlana litzateke.
|