GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2006--05-08
Josebe Egia
Eraso sexuala lanean

Mª José Urruzolari,
laguna eta kidea

Joan den astean, Maiatzaren Lehena horretarako egun ezin hobea zela eta, lan munduan dauden arazoak eta, batik bat, oraino dirauten diskriminazio larriak gogorarazi nahi izan nituen.

Jaieguna izanik, gurean oraindik jai egiteko arrazoi gutxi ditugula nabarmendu nahi nuen. Batetik, langabezia, ezegonkortasuna eta pentsioak aipatzen nituen, eta hirurak bil ditzakeen pobrezia. Bestetik, horiek guztiak ­erabat lotuak baitaude­ emakumeak direla gehien sufritzen dituztenak nabarmendu nuen; diskriminazioa sustatuz, berdintasuna eragotziz eta jendarte patriarkalaren eredua mantendu ez ezik tinkotuz.

Eredu horren ondorio zuzena den eta lan munduan espresuki emakumeek pairatzen duten arazo gehigarri, desatsegin eta larri bat salatu nahi nuke: Eraso sexuala. Salatuz guztion begiak eta belarriak irekitzeko, langile eta lankide garen heinean kontzientziak pizteko eta horrelako jatorria duten kasuetan pertsonok izaten dugun jarrera pasiboan eragiteko.

Gaiari buruzko azken ikerketa batek ezagutzera eman duenez, azken urtean emakume langileen %10ek eraso sexuala jasan dute lanean. Hala ere, zenbakia igo egingo litzateke «biktimismoa» edo lotsa edo beldurra saihestu nahian, arazoa ezkutatzen eta isiltasunean jasaten duten emakume guztiek ere euren errealitatea adieraziko balute.

Jokabide iraingarri eta zapaltzaile horien aurrean jarrera aktiboa edukiko badugu, eraso sexuala zer den argi eduki beharra dago. Arazoak hondoa jo duenean edo erabat larria denean soilik erreakzionatzeko ohitura izaten baitugu, ezjakintasunagatik askotan. Hori dela eta, komenigarria iruditzen zait mota horretako erasoaren baitan maila ezberdinak daudela nabarmentzea: arina (txantxa sexualak, begirada eta keinu lizunak, gehiegizko hurreratzeak...), larria (bizitza sexualari buruzko galderak, halako harremanak edukitzeko eskakizun zuzenak, intsinuazioak...) eta oso larria (ukitzeak, mehatxuak, leku itxietan inguratua izatea...). Arinenetik larrienera, denak dira eraso sexual, guztiak dira salagarri. Eta teorian, behintzat, guztiak dira kondenagarri.

Errealitateak, ordea, bestelakoa izaten jarraitzen du. Horregatik guztion inplikazioaren premia. Eraso sexuala jasan izan dutenen artean, %25ek soilik onartzen dute norbaitekin komentatu dutela. Egunero lantokian euren duintasuna zapaltzen zaie, urduritasuna gaixotasun kroniko bihurtzen da, beti zerbait larriagoaren beldurrez jaikitzen dira. Lantokia infernurik bortitzena eta laidoaren eszenatoki bilakatzen da. Euren askatasuna mila modu ezber- dinetan mugatzen da. Egunero. Eta hala eta guztiz, %25ek soilik hitz egiten dute arazoari buruz, lagunekin edo familiarekin, normala den bezala pertsona hurbilenekin. Baina, erasoa izaten den ingurunean eskumenik ez dutenak. Erasoak izan direnen artean, %1.6k besterik ez dute erakunde publikoren batengana jo laguntza eske. Arrazoia garbia eta larria da: konfiantza falta. Esku hutsik aterako diren ziurtasuna. Laguntza eskatu zutenek jaso zituzten aholkuak guztiz pasiboak eta arazoari aurre egiteko alferrikakoak zirela adierazi zuten. Eta lepoa jarriko nuke, kasu askotan «histeriko» edo exageratuaren sentsazioarekin joan zirela, gainera. Horregatik, teoriatik praktikara igarotzeko beharra guztion parte-hartzearekin eta ezikusiarena egin barik, eta eraso minimoena ere kondenatuta.

Funtsezkoa da jarrera aldaketa, erakunde publikoen babes eza ez ezik, enpresena ere izugarria baita. Ikerketaren arabera, erdiek baino gehiagok arazo honen aurrean entzungor egiten dute. Hau da, eraso sexuala jasaten den tokian bertan zerbait eraginkorra egiteko ahalmena edo boterea daukanak, arazoaren luzapena motz dezakeenak, biktimari nola edo hala lagun diezaiokeenak... hori egin beharrean, erasotzailea defendatzen du. Gogoak ematen diona egiten jarraitzeko espazioa eta erabateko askatasuna bermatzen dio. Horrela, erasoak jasaten dituzten emakumeen babesgabetasunaren kontzientzia erabatekoa da eta katea martxan jartzen da: arazoa ezkutatu, ez salatu, isilean jasan eta erasotzaileei bidea erraztu.

Azkenik, kontuan harturik laneko jendearekin ia etxekoekin edo lagunekin baino denbora gehiago igarotzen dugula, nahitaezko arduratzat hartu beharko genuke lan harreman horietan begirunea eta seriotasuna, behintzat, sustatzea eta bermatzea. Horren alde gaudela ekintzen bidez argi eta garbi uztea zapaltzen eta min egiten dutenei. -

jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Guardia Civil aumenta el control pese al oficio filtrado en Gipuzkoa
Kirolak
Cuarenta años seguidos en Primera
Kirolak
Se acaba la pesadilla y el Athletic seguirá un año más en Primera
Kirolak
El Alavés recula hasta el abismo
Kirolak
De la gloria a la duda en 25 minutos
Mundua
Otra jornada sangrienta suma setenta muertos más en Irak
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea