Hainbeste aldiz pantailaratu den Capone-ren epaiketaren 75. urteurrenean, alproja handienak txikikeriengatik baino ezin izaten direla atzeman gogoraraztera etorri da Porter Goss, CIAko zuzendari nagusiaren dimisioa. Agian, bere gaiztakerietako txikienengatik erortzen den hamaikagarrena izan daiteke G. Tenet «arma asmatzailearen» oinordekoa. Goss-en kasuan, ordea, ez dago Elliot Ness-ik. Kasualitatea eta sistemaren inertzia soilik, ziurrenik.
Ezusteko dimisioa (Gossek 20 hilabete besterik ez zeramatzan CIAren burutzan) arrazoitzeko aipatu direnak txikikeriak baino ez baitira funtsean. «Aditu» gehienak Duke Cunningham kongresukide ohiaren izena daraman eskandaluaren zipriztinei begira ipini baitira: Kyle Foggo, Gossek CIA organigramaren hirugarren postuan ipini zuen adiskidea, auzipetuta geratzear omen legoke, arma kontratuak, eskupeko ordainketak, ohaide pagatuak eta ohiko osagai guztiak dituen kasuaren ardatza den B. Wilkes-ekin duen adiskidetasun estuagatik. Foggo eta Gossen artekoa bezalatsu. Auskalo non amaitzen zen soka.
Txikikeria, hala ere, Gossen historialerako. Izan ere, CIAren zuzendari izan aurretik kongresukide errepublikarra izana baita GossŠ baina politikan murgildu aurretik ere CIAko isilpeko agentea izan ondoren, 1960 eta 1975 bitartean behintzat. Non? Beno, hori sekretupean omen dago oraindik, baina ingelesaz at ongi menderatzen dituen hizkuntzak (espainola, frantsesa eta grekoa) ezagututa, edonork atera ditzake kontuak. Eta aldi horretan CIAk ingurumen horietan egindakoak gogoratuta, susma genezake zertan ibili zen.
Ezinbestez susmoen munduan murgilduta, ordea, bada bat askoz mardulagoa Gossen biografian. Kongresuko Inteligentzia Komiteko kide errepublikar nagusi legez, 2001eko abuztuan, Goss, J. Kyl senatari errepublikarra eta Bob Graham demokrata (Floridakoa, Goss bezala, eta honen adiskide mina bere karrera politiko osoan) Mahmoud Ahmad jenerala, Pakistango ISI zerbitzu sekretuetako buruarekin elkarrizketatu ziren. Bin Laden eta talibanen babesle eta bultzagile nagusienetakoa izana litzateke Ahmad, AEBko polizia iturriek egun diotenez.
Handik hilabetera zer gertatu zen mundu guztiak daki. ISIko buruarekin zertaz hitz egin zuten inoiz ez dute argitu nahi izan Goss eta bere lagunek. Azkenean, txikikeriengatik erortzen dira. -