IAk azaldu du Munduko Hezkuntza Foroan iraultza eta hezkuntzaren arteko harremana aipatzen dela
·Buenos Airesen aurrera eramaten ari den Foroan landu diren gaien berri eman dute Ikasle Abertzaleek
BUENOS AIRES
Ikasle Abertzaleak eta Euskal Herriak Bere Eskola taldeko zenbait ordezkari Argentinan ospatzen ari den Munduko Hezkuntza Foroan parte hartzen ari dira egun hauetan, eta, atzo jakinarazi ahal izan zutenez, beste lurralde batzuetako hezkuntzaren gainekoak entzuteaz gainera, Euskal curriculumari buruzko hainbat hitzaldi eman dituzte.Buenos Airesko San Telmo auzoko asanbladak antolatutako ekimen batean parte hartu zuten, eta, nabarmendu zutenez, egungo egoera ekonomikoa salatu eta aldaketaren beharra aldarrikatu zuten. Amen Unibertsitatea bisitatzeko aukera ere izan zuten Ikasle Abertzaleek, eta «euren errealitatea ulertu, sorrera prozesua ezagutu eta proiektuak eurekin konpartitzeko» aukera izan zutela adierazi zuten. Azaldu zutenez, unibertsitate horren xedea hezkuntza politikoa eskaintzea eta bideratzea da: «Azken batean, herria kultura politikoan hezteko tresna da». Rosario herrira ere joan zirela gaineratu zuten, eta, bertan, euskal diasporako gazte talde batek sortutako Euskal Herria tabernan Euskal curriculumaren gainean egiten ari diren lana azaldu zuten. «Are gehiago, bertaratutako batzuk curriculumaren eraikuntzan adituak ziren!», gaineratu zuten». Buenos Airesko Zuzenbide Fakultatean hainbat hitzaldi aditzeko aukera izan zuten, eta Emir Saderren hitzekin geratu ziren: «Hitzen atzetik Hego Amerikako Iraultza prozesuetan alfabetatzeak izan duen garrantzia goraipatu zituen», azaldu zuten.
Eraldaketa soziala
«Orokorrean diskurtso guztietan hezkuntzak herri eraikuntzan eta eraldaketa sozialean duen eragina nabarmendu da. Hau da, hezkuntza eta iraultza bata bestearen osagarriak dira. Gainera, hezkuntzaren izaera herritarra, publikoa eta doakoa bereiz ezin daitezkeen kontzeptuak direla argi eduki dute hizlariek. Bukatzeko, diktadura militarraren garaian eraildako irakasleak gogoratu dituzte», azaldu zuten bertaratutako ikasleek.Bologna prozesuaren haritik, hezkuntzaren pribatizazioaz ere hitzaldiak izan direla adierazi zuten. “Hezkuntzaren garrantzia kulturaren berregituraketan” izeneko aurkezpena ere aditu zutela esan zuten, eta, bertan, hezkuntza eskubide unibertsala dela goraipatu zutela agertu zuten.
|