Gaztetxe Martxa
Gazteen gaitasuna, Burlatan erakusgai
Azken egunotan milaka kilometro utzi ditu atzean Euskal Herrian zehar Gaztetxe Martxaren furgonetak, atzo Burlatara heldu arte. Bertan ibilgailuak atseden hartu, eta jaia egiteko ordua heldu zen, gazte eta hain gazte ez direnek aukera zabala izan baitzuten ekitaldiak aukeratzeko orduan.Izan ere, amaiera ekitaldirako bost gune egokitu zituzten antolatzaileek: gazteria gunea, autogestioa deitu zutena, aisialdi gunea, okupazioari dedikatutakoa, eta haurren txokoa. Azken gune hori nabarmendu zuten antolatzaileek. «Pilo bat ume eta guraso joan da ekitaldietara, eta erantzun horrek pozten gaitu», esan zioten GARAri balorazioaren barruan. Atzoko ekitaldiak deskribatzean, egitaraua «oso anitza eta zabala» izan dela nabarmendu zuten. Horri, gainditu behar izan dituzten oztopoak gaineratu zizkioten, amaiera ekitaldia Iruñean baitzegoen aurrez ikusita, baina hango Udalaren jarrera dela-eta, azken unean Burlatan egokitu behar izan baitzituzten ekitaldiak. Gainera, Iruñean sartu bezain laster, bestelako ikaraldiak jasan behar izan dituzte, Guardia Zibilak kamioneta gelditu eta ibilgailuaren ibilbidea atzeratu baitzuen. Horregatik, aipatu oztopoak gainditzeko gazteek erakutsi duten gaitasuna nabarmendu zuten Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbleen Koordinadorek. «Helburuak bete dira» Ipar Euskal Herritik abiatu zenean zenbait helburu finkatu zuen Gaztetxe Martxak, besteak beste, autogestioaren aldeko apustua zabaldu eta horren aldeko gizartearen babesa lortzearen beharra nabarmendu zuten. Aurreko egunetan herri guztietan ekimenak izan duen harrera ikusita, helburu hori beteta ikusten dute. «Herri guztietan oso harrera beroa izan dugu, batzuetan besteetan baino jende gehiago aurkitu dugu, ordutegiaren arabera, baina oro har oso esperientzia polita izan da», adierazi zuten antolatze lanetan ibili diren gazteek. Autogestioari bideak zabaltzearen beharra lau haizetara zabaldu dela uste dute, eta koordinazioa eta elkarlanaren beharra, gazteen arteko harremanak sendotzeko. Zapore gozoarekin, eta kontzertuetan murgilduta, agur esan zuen Gaztetxe Martxak.
|