Chiraci Villepin kargutik kentzeko asmoa egotzi diote
Frantses Gobernuko iturrien arabera Jacques Chirac presidenteak exekutiboan aldaketarik egiteko asmorik ez badauka ere, egunkariek atzo argitaratu zituzten informazioek aurkakoa adierazten dute. Chiracek Dominique de Villepin lehen ministroa kargutik kenduko luke, Nicolas Sarkozy egungo Barne ministroa haren lekuan jartzeko.
PARIS
Esku artean dituen arazo larriei aurre egiteko, Chirac presidenteak erabateko aldaketa egin nahi dio Gobernuari, egunkariek diotenez: Villepin kendu, Sarkozy bere arerio politikoa jartzeko.“Le Monde” egunkariak aukera horixe aipatzen zuen atzoko alean, nahiz eta Nicolas Sarkozyk ezkutatzen ez duen datorren urtean egin beharreko hauteskunde presidentzialetara aurkezteko asmoa duela. Christian Estrosi Lurralde Administraziorako ministroa, Nicolas Sarkozyren hurbilekoa, bat etorri zen bertsio ofizialarekin, eta esan zuen hedabideek aipatutako aldaketek ez dutela inolako oinarririk. De Villepin oso egoera larrian dago. Hedabide batzuek eta UMP Herritarren Mugimendurako Batasuneko kide batzuek kargua uzteko exijitzen diote, Clearstream banketxeari dagokion eskandalua dela-eta. “Le Monde” egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Villepin gobernuburuak zenbait politikariren diru kontuak ikertzeko agindu zuen, Sarkozyrenak barne. Lehen ministroak berak dena gezurra dela esaten du, baina alderdikideak konbentzitzerik ez du lortzen. Eskuineko buruen artean borrokan ari direla, Segolene Royalek (PS) irabaziko lituzke hauteskundeak, atzo argitara eman zen inkesta baten arabera.
|