Ipar EuskalHerriko musikariak interneten batuak
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako musikarien datuak biltzen dituen Kalapita deituriko webgunea zabaldu da berrikitan. Gune horren bidez musikariak hor daudela erakutsi nahi izan du egileak, eta haiekin harremana errazteko bitartekari bat sortu du. Datuekin batera, webgunea artistek berek balia dezakete, bertan dagoen foro bati esker.
BAIONA
Garazikus elkartean luzaz lanean aritu ondoren, Thierry Biscaryk urte horietan bilduriko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako musikariei buruzko informazioa bildu eta zabaldu nahi izan du.Biltze lana duela sei urte hasi zuen Biscaryk, eta, Garazikus utzi bezain laster, guztia doan artxibatu ordez, musikari eta jendearen esku utzi nahi izan du Kalapita izeneko Blog bat sortuta. «Hasieran liburu bat egitea pentsatu nuen, baina, azkenean aproposagoa iruditu zait datu guzti horiek webgune batean zabaltzea», argitu zuen. Biscaryk zuzen zenbat artista bildu dituen ez daki, baina, bertan hiru herrialdeetako gehienak zeudela ziurtatu zuen. Estiloen aldetik, guztiak ordezkatuak dira. Bere webguneak hutsune bat betetzen zuenez galdetu zitzaiolarik, ekimenaren bultzatzaileak hasieran Kalapitaren xedea ez zela hori jakinarazi zuen. «Baina, ikusiz hilabete batez mila bat bisitari izan dituela, beharra dagoela esan daiteke». Interneteko gunea artistentzat ahal bezain baliagarriena izateko, kontzertuen berri emateko foroa ere zabaldu du. «Ikusiko dugu zer ematen duen», erran zuen. Halere, Thierry Biscaryk argi utzi zuen Interneteko gune hori askoren erranak isiltzeko egin zuela. «Askotan entzun dut Iparraldean kultura gaizki doala eta artistarik ez dagoela gauzak antolatzeko. Gauzak gaizki doazela egia da, baina artistak badira eta eskaera ere badago», nabarmendu zuen azkenik.
|