BILBO
EAJk Eusko Alkartasunarekin duen loturari eutsi beharra dagoela nabarmendu zuen atzo EBBko eledun Iñigo Urkulluk, Ser irratian egin zioten elkarrizketa batean. Urkulluren ustetan, bi alderdiok «abertzaletasun instituzionalaren aldeko apustu estrategikoari eustea» ezinbestekoa da.Hori esan ondoren, EArengana zuzendu zen: «Ez goaz ongi alderdi horrek asmoa badu EAJri abertzaletasunari buruz irakasle lanetan aritzeko, guk 101 urteko historia baitugu».
Hitzokin Urkulluk azken egunotan EAko presidente Begoña Erraztik zein alderdi horretako beste agintariek 2007ko hauteskundeetan beren burua aurkezteko asmoa azaltzeari eta EAJrekin azkenaldian izan duten koalizioa alboratzeari buruz egindako azalpenei erantzun nahi zien. EAJrekin hautes-akordioa izatea beharrezkotzat jo zuen EAk burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen alde aurrerapausoak emateko.
Ser irrati katean egindako elkarrizketan, Urkulluk bi alderdien arteko hitzarmena, 1997an gauzatu zena, EAJren ekimenez sortu zela gogorarazi zuen. «Lan estrategiko komuna osatzea nahi genuen», nabarmendu zuen. 80ko hamarkadan EAJtik aldendu ziren militante kritikoek osatu zuten Eusko Alkartasuna alderdia.
«Erabaki hori ez genuen hartu PPk 2001. edo 2005. urteetan zeraman politikari aurre egiteko», adierazi zuen Urkulluk.
«Bi alderdiek, bakoitzaren proiektu politikoa eta izaera bereiztua errespetatuz, abertzaletasun instituzionalaren proiektua ordezkatzen dute. Proiektu honek nazioa egunez egun sortzen du, erakundeetan hartzen duen konpromisoa erabilita», esan zuen Iñigo Urkulluk.
«Harreman estrategikoa»
«Gure apustua EArekin harreman estrategikoa eta proiektu estrategikoa osatzea da. EAk ikusi beharko du harreman honetan zein konpromiso maila hartu nahi duen», gaineratu zuen Urkulluk. Alde horretatik, Begoña Erraztik zuzentzen duen alderdiak une hauetan bi alderdien arteko koalizioa berresteko zein arrazoi dituen ez dakiela gaineratu zuen EBBko eledunak. «Argi dagoena da gogoeta hori soilik EAn egiten ari direla», bota zuen Urkulluk.
Josu Jon Imaz EBBren presidente izatera heldu zenean, EArekin duten harremana «itun estrategikoa» zela esan zuela gogora ekarri zuen Urkulluk. «Publikoki esan zuen, gainera», zehaztu zuen.
«Bizi ditugun garai hauetan arazo ugariri egin behar izan diogu aurre, bai PPren Gobernuaren eskutik bai PPeta PSEk abertzaletasun instituzionala amaitzeko osatu zuten itunaren eskutik. Hori pasatu eta gero, mementu hauetan, EAJren eta EAren arteko apustu estrategikoari eustea beharrezkoa delakoan gaude», gaineratu zuen buruzagi jeltzaleak.
Ez du uste koalizioa apurtuko denik
EAri kritikak zuzendu bazizkion ere, Iñigo Urkullu baikor azaldu zen datozen udal- eta foru-hauteskundeetan bi alderdi hauek koalizioan elkarturik aurkeztuko direla baloratzeko orduan. «EAk egiten dituen adierazpenak bitxiak dira, beti EAJri begira egiten dituelako», esan zuen. EArengandik ez ezik, Batasunarengandik ere ez duela abertzaletasun ikasgairik onartuko esan zuen Urkulluk, «alderdi horrek abertzaletasunarekin zerikusirik ez duten ideologiak ere badituelako». -