LASKURAIN 4
BERASALUZE IX
22
Iraupena: 26 minutu. Markagailua: 0-19, 4-19 eta 4-22. Sakeak: 2 Laskurainek eta 14 Berasaluze IX.ak. Gertaerak: Bigarren mailako Buruz Buruko Txapelketa. Bergarako Udal Pilotalekua.
EUGI-PASCUAL 3
CAPELLAN-GOÑI III 12
Pilotakadak: 341. Iraupena: 32 minutu (17 jokoan).
Markagailua: 1-0, 1-4, 2-4, 2-10, 2-11, 3-11, 3-12. Gertaerak: Pascualek min
hartu ostean bertan behera geratu zen partida.
DONOSTIA
Zorte oso txarra izan zuten atzo Bergarako Udal Pilotalekura joan ziren zale apurrek. Paper gainean jaialdi nahiko erakargarria zena, azkenean, pilotari zein ikusleentzat amesgaizto bilakatu zen, eta arratsaldea erabat zapuztu zen guzti-guztientzat.
Lehen partidan, Berasaluze IX.ak 22 eta 4 zapaldu zuen Laskurain Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketan. Aspe enpresako adarraren finalerdia zen, eta Berasaluzek 14 sake sartu zizkion aurkariari. Neurketak 25 minutu eskaseko iraupena izan zuen, eta irabazleak ia izerdirik bota gabe lortu zuen finalerako sailkapena. Beste finalerdia Galartza VI.ak eta Arizmendik jokatuko dute eta finala hemendik bi astera izango da.
Eta aurreneko partida motza eta xarmarik gabea izan bazen, bigarrenean ez zen berri hoberik etorri. Miguel Capellan eta Fernando Goñi 12 eta 3 erraz irabazten ari zirela, Iñigo Pascualek min hartu zuen belaunean eta dema bertan behera utzi behar izan zuten. Abartzuzako atzelaria lesio batetik atera berria da, eta ikusi egin beharko da atzoko arazo fisiko horiek larriak diren ala ez.
Horrela, jaialdiko hirugarrena izan zen lehiarik erakargarriena. Larralde eta Zubietak 22 eta 16 menderatu zituzten Apezetxea eta Urberuaga.