GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-05-12
Mobilizazioa indartu eta AHTren gaineko erabakiak arbuiatzeko deialdia egin dute
AHT Gelditu! Elkarlanak Lakuak eta Gobernu espainolak «euskal y» sarea eraikitzen hasteko egin zuten akordioa baztertzeko eskatuko du ekainaren 10ean, manifestazio baten bidez. Herri mobilizazioa indartzeko unea dela adierazi dute elkarlaneko kideek eta «Arrazoi guztiak ditugu: AHT Gelditu» lelopean biltzeko deialdi zabala egin dute.

DONOSTIA

Abiadura Handiko Trenaren inguruan hartu dituzten azken erabakiek «herri mobilizazio indartsua bultzatu dutela eta atzera bueltarik gabeko ondo- rioakekar ditzakeen gertakizun honi erantzun sendoa emateko» ordua iritsi dela ziurtatu zuen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak, eta datorren ekainaren 10erako manifestazio deialdia egin zuen. Lakuak eta Gobernu espainolak «euskal y» sarearen eraikuntza-lanak abiatzeko akordioa «larria» dela azaldu eta gizarteak azpiegiturarekiko «desadostasun zabala» erakutsi duela ekarri zuen gogora.

Idoia Baztarrika Elkarlaneko kideak manifestazioaren helburua azaldu zuen: «AHTren kontra dauden gizarteko talde asko bildu nahi ditugu, sentsibilitate ezberdinen bateratze hori funtsezkoa delako proiektu txikitzaile honi aurre egiteko».

«Ez dugu amore emango»

Elkarlanak gogor salatu zuen Lakuako eta Madrilgo gobernuen arteko akordioa, eta «gizartean sortu den eztabaidari bizkarra eman» eta «indar frogaren hautua» egin izana gaitzetsi zuen. Ezinbestekotzat jo zuen herritarrei erabakitzeko ahalmena itzuli eta eztabaida piztea eta, erronka handia dela onartu zuen arren, argi eta garbi agertu zuen ez duela amore emateko inolako asmorik.

«Elkarlanak aukeran dituen bide guztietatik jarraituko du ekologiaren eta gizartearen kontrako proiektu hori gelditzea lortu arte. Borroka zailagoa eginagatik ez dugu amore emango, eta, obrak hastea ez da inondik inora gatazka luze honen amaiera izango, AHTren aurkako oposizioa areagotu eta erradikalizatuko dituen akuilua baizik», azaldu zuen.

«Euskal y» sarearen gaineko akordioaz gain, Nafarroako korridoreak eta Gobernu frantsesaren TGV lineak osatzen duten «egitasmo erraldoiak» ingurumenari, nekazaritzari, gizarteari, ekonomiari eta lurralde orekari eragingo lizkiekeen «kalteen larritasuna» nabarmendu zuen.

Hartara, azpiegitura horiek eskatzen dituzten «baldintza zorrotzak» ere izan zituen hizpide. Hala, zarata, paisaiak jasandako erasoa, lurren okupazioa, tunelen indusketa, desarauketa hidrologikoa, energia kontsumoaren igoera, hondakinentzako zabortegien beharra eta natur balio handiko ekosistemen kaltetzea aipatu zituen.

Manifestazioa ekainaren 10ean abiatuko da Donostiako Anoeta estadiotik, 17.30ean. «Behar beharrezkoa izango da ahalik eta jende gehien biltzea, inposizioari behar bezain ozen ezetz esan diezaiogun, naturarekiko errespetuan eta justizia sozialean oinarritutako etorkizun baten alde», azaldu zuen Baztarrikak.



«Aberri txikia bai, baina txikitua ez dut nahi»
A. A.
DONOSTIA

Elkarlanak «AHT gelditzeko mila arrazoi daude: eman zeurea!» kanpainaren balorazio ezin hobea egiten duela adierazi zuen. Ekimena oraindik amaitu ez bada ere, azpiegituraren aurkako sinadura, arrazoi eta konpromiso ugari jaso dituztela ziurtatu zuten eta, gainera, pentsamolde ezberdineko jendea batzea lortu dela esan zuten.

Kanpainaren norabidearen lagin gisa, Jose Agustin Arrieta idazlearen ekarpena zabaldu zuten elkarlaneko kideek. “Aberri txikia bai, baina txikitua ez dut nahi” izeneko poemaren bidez, idazleak azpiegiturak ekarriko dituen ondorioak islatu eta ez ikusiarena egin beharrean erantzukizuna denona dela ulertarazten du.

Arrazoien artean, elkarlaneko kideek zirkulazio arazoak konpondu beharrean areagotu egingo dituela azaldu zuten. Era berean, gastu sozialen murrizketa, dependentzia eta prekarietatea ere indartuko dituela ziurtatu zuten: «Garraiobide handien funtzionamenduak merkatuan globalizazioa areagotu eta deslokalizazioan eta prekarizazioan eragiten du. Gainera, AHT elitista da eta kontsumo gizartearen premia faltsuen ikurra da».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Pulso interno al lehendakari
Mundua
El informe del 7-J londinense no aporta novedades
Euskal Herria
Kataluniako emakumeek Ahotsak babesteko plataforma osatuko dute
Ekonomia
Bizkaia y Gipuzkoa acusan al PP y a jueces de minar «el autogobierno»
Mundua
Maragall finiquita el tripartito y anuncia elecciones anticipadas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea