1972an, Algortako Portu Zaharrean jaioa
Funky Projects, diseinu estrategikoa eta giza pertzepzioko aholkularitza egiten duen enpresa bat da. «La Verdadera Historia del Kalimotxo» kaleratu berri duen azkenengo lana da. Bertan, edaria 1972an Algortako Portu Zaharreko jaietan asmatu zela ziurtatzen da eta horretaz gain, liburuan zenbait kalimotxozalek edariarekin bizi izandako abenturak eta zorigaitzak kontatzen dituzte.
Txosna giroarekin eta parrandarekin identifikatu ohi da kalimotxoa eta, ezbairik gabe, Euskal Herriko edaririk famatuenetarikoa dela esan daiteke. Argi dago, kalimotxoa herri honen nortasunaren parte izatera heldu dela eta, hain zuzen ere, horixe da nabarmendu nahi izan zutena “La Verdadera Historia del Kalimotxo” liburuan parte hartu dutenek atzo egindako aurkezpenean. Izan ere, argitu nahi izan zuten lehenengo kontua, askotan planteatu den duda bat izan zen, hau da, zein da kalimotxoaren benetako istorioa?Askotan entzuten dira edari horren jatorriari buruzko kontakizunak. Batzuek diote 1980. urtean Bilboko jaietan sortu zela; beste batzuek, aldiz, Nafarroako sanferminetan asmatu zuela norbaitek. Hala ere, usteak erdia ustel, Martin Mujikaren Antzarrak koadrila izan baitzen kalimotxoaren asmatzailea. 1972ko udan hasi zen edariaren istorioa. Garaian, Martinek eta bere koadrilak 17 urte zituzten eta Algortako Portu Zaharreko jai batzordekoak ziren. Urte horretako festak bereziak izatea nahi zuten eta beren gogo guztiak jarri zituzten dena ondo ateratzeko. Hortaz, jaietan edari alkoholdunak egotea premiazko baldintza bat denez, Antzarrak koadrilakoek ardo botila asko erosi zituzten, edariaren salmentak bestak finantzatzeko diru-iturri nagusia baitziren. Jaiegunak heldu ziren, baina gauzak ez ziren uste bezain ondo atera. Antzarrak koadrilako kideak harrituta geratu ziren txikiteroen jarrerarekin, basoan zutena azkar edaten zuten, baina batzuetan trago pare bat besterik ez zioten ematen. Azkenean, txikiteroetako batek Martini bere barrena erabat agertu zion, eta ardoa mindua zegoela esan. Beraz, koadrilari otu zitzaion ardoa freskagarri batekin nahastea, zapore garratza leuntzeko asmoz. Baina azkenengo kontu bat airean geratu zen, edari berriari izena jartzearena, hain zuzen ere. Memento horretan, Kalimero deitzen zioten lagun bat gerturatu zen eta Mujikak esan zuenez, nahiko itsusia zenez, batzuetan Kalimero eta beste batzuetan Motxo deitzen zioten. Hortaz, Kalimero eta Motxo izengoitiak batuz, kalimotxo izena atera zen eta koadrilako kideen onespena lortu zuenez, edari berria izen horrekin bataiatzea erabaki zuten. Kolaboratzaileak Liburuan hainbat pertsonak kolaboratu du, hala nola, Fermin Muguruza eta Roberto Moso musikariek, Santiago Cirugeda arkitektoak, Martin Mujika Antzarrak koadrilako kideak edota Eduardo Mena informatikari eta kalimotxozaleak. Argitalpenenean, bakoitzak edariarekin izan dituen esperientziak kontatzen ditu, baina denek ideia bera igorri dute: «Kalimotxoa kontsumo handiko edari bat izatera ailegatu da inolako marketin estrategiarik jarraitu gabe». Horretaz gain, Errenteriako Pub Stick-eko Patxi Troitiño tabernariak liburuaren aurkezpen ekitaldiaren bukaeran argitalpenean agertzen diren kalimotxoz egindako hiru koktelak prestatu zituen, eta halaxe bukatu zen aurkezpena. -
BILBO
|