Iñaki Altuna
Aitorpena ukatuz eginiko aitorpenak
Errealitate bat ez aitortzea, askotan, aitorpenik handiena izan ohi da. Adibideak ugari ditugu Euskal Herriko gatazkari lotutako gaietan. Presoen izaera politikoa behin eta berriz ukatu dute Parisko eta Madrilgo gobernuek, eta gaizkile arruntak direla esan dute. Halere, kolektibo horren kontrako jazarpen politika bereziak eta berezituak kartzeletan giltzapetutako 700 euskal herritar horiek ez direla preso «arruntak» islatzen du, argi bezain garbi. Presoek berek dute euren burua kolektibotzat, baina baita kartzelariek eta kartzelarien arduradun politikoek ere. Kolektibo osoaren kontrako zanpaketa jarduera egituratu baitute, eta horren arabera egiten baitute preso bakoitzaren kontra. Beraz, esan daiteke, ironiaz, horrenbeste aldarrikatzen den presoen status politikoa aspaldi aitortu zutela, inplizituki, bi estatuek; ez, ordea, aldarrikapenak onartuz eta eskubideak asebetez. Bakartzeari eta sakabanaketari eutsiz egin dute aitorpena; eta horrenbestez, are eta esanahi handiagoa eman diete presoen eskubideen aldarriei eta horien aldeko borrokari. Ukazioaren ukazioz, Miguel Sanz presidentea ere aitortu nahi ez duena ari da aitortzen etengabe. Euskal lurraldeak bereizteko eta gatazka politikoak Nafarroarekin zerikusirik ez duela irudikatzeko saioak gero eta nabarmenago erakusten digu lurraldetasunaren auzia trenkatu beharreko gako nagusietako bat dela. Jakin beharko luke Sanz jaunak EFEk, Estatu espainoleko albiste agentzia ofizialak, bere adierazpenak ondoko goiburuarekin zabaltzen dituela azken asteotan: «NAV-ETA-ALTO EL FUEGO». Esanguratsua, ezta? Baina, jakina, bakea bakea da, eta ezin daiteke politikarekin nahasi. Horrela dio Imaz jelkideen buruak eta horrelaxe dio Patxi Lopez PSEko nagusiak ere. Berez, tankera horretako esaldiak ergelkeria hutsak dira, ez hankarik ez bururik ez dutenak; baina, zoritxarrez, aipatu politikari horientzat baliagarriak izaten dira erantzukizunak ezkutatzeko, azpijokoan aritzeko eta denbora norberaren interesen arabera kudeatzeko. Dena dela, gogoz kontra bada ere, aitorpena egin dute horiek guztiek. Kartzelariek, Sanzek, Imazek, Lopezek eta enparauek jakin badakite Euskal Herrian ez dela benetako bakerik izango herri eskubideak onartzen eta errespetatzen ez diren bitartean. -
|