TOKYO
Hezkuntza Legearen aldaketa aztertuko duen batzordeak Tokioko Parlamentuaren oniritzia jaso du. Junichiro Koizumi lehen ministroaren alderdi eskuindarraren (PLD) eta Gobernuan kide duen Komeito Berriaren (budista) aldeko bozak jaso ditu proposamenak.Gobernuak «tradizioarekiko errespetua» eta «abertzaletasunaren garrantzia» aldarrikatu nahi ditu, besteren artean, lege berrian. Aipatu kontzeptuok ez dira ageri egungo Hezkuntzaren Oinarrizko Legean.
Lege hori 1947an onartu zuten, Bigarren Mundu Gerrako porrotaren ostean, eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) Armadak Japonian zuzenean agintzen zuen garai hartan. Aitzitik, erreformaren zirriborroan abertzaletasuna «tradizioa eta kultura errespetatzen duen jarrera da, horiek mamitu dituen aberria maite duena, beste herriak errespetatzen dituena eta nazioartean bakea eta garapena bultzatzen dituena».
Hautsak harrotu
Lege asmo horrek hautsak harrotu ditu, bai Japonian eta bai inguruko herrialdeetan ere.Kritikariak japoniar militarismoaren berpiztearen atarian geundekeen beldur dira.
Azken mende erdi honetan AEBen eraginpean bizi diren japoniarren artean abertzaletasunak gora egin du azken urteotan. Agian horrexegatik gero eta sarriago abiatzen da Koizumi lehen ministroa Yasukuniko santutegi sintoistara, gerran hildako milioika soldaduen artean 14 gerra kriminalen hilobiak biltzen dituen zentro erlijiosora. Japonian eraso inperialista jasan zuten txinatarrek eta korearrek gogor gaitzesten dituzte bisitok.
Koizumiren ondorengoa
Egungo Atzerri Arazoetako ministro Taro Aso dugu erreforma horren defendatzaile amorratuenetarikoa.Are gehiago, Konstituzio «bakezalea» aldatzea nahi du Asok, Japoniatik kanpo gertatzen diren liskarretan parte hartzea ahalbidetuko lukeena.
Koizumik irailean Gobernuko ardura eta PLD alderdiaren presidentetza uzteko asmoa agertu du eta Aso da bera ordezkatzeko hautagai bat.
Badira harago joan nahi dutenak, «tradizionalistak». Defentsa Ministerioa eta egungo Autodefentsarako Indarrak ordezkatuko lituzkeen benetako armada exijitzen dute.