Amets TXURRUKA | Barloworld taldeko txirrindularia
«Sekulako ilusioa dut Euskal Bizikletari begira»
Itzel aritu da Amets Txurruka Alcobendasen, 9.a sailkatu baita. Izan ere, ibilbide oso polita egin du apirileanEtxebarrikoak: 5.a Industria Sari Nagusian, 8.a Giro Oron eta 16.a Trentinoko Itzulian. Lasterketa horiek Damiano Cunegok irabazi zituen, eta 23 urteko bizkaitarra izarretik gertu izan zen, hasiberria den arren. Estreinaldia Igor Astarloaren eta Peio Arreitunandiaren Barloworld taldean egin du. Dudarik gabe, etorkizun zabala du. Ibilbide lasaia eta sanoa egin zuen amateurretan, eta hobetzeko asko izango du. Ilusioz beteriko txirrindularia da eta horrela hasiko du Euskal Bizikleta.
Zer azterketa egiten duzu orain arteko denboraldiaz?
Gustura ibili naiz. Azken lasterketetan sasoiko nabil, eta aurreneko postuetan azaldu naiz.
Zehatz-mehatz, zein lasterketatan aritu zara?
Algarveko Itzulian, Coppi-Bartali Astean, Giro Oron, Giro Trentinon, Giro Apeninosen, Industria Sari Nagusian, Giro Toscanan eta Alcobendasen.
Emaitza hau espero zenuen?
Ez. Hasiera batean, dudak nituen nola moldatuko ote nintzen. Entrenamenduetan ondo ikusten nuen neure burua. Edonola ere, aurrean egotea ez nuen espero. Behintzat, dohainak izan ditut aurrean aritzeko.
Hemendik aurrera, non lehiatuko zara?
Picardie-ko Tourra egingo dut asteburu honetan, eta bi aste emango ditut lehiatu gabe; Laudio Sari Nagusira eta Euskal Bizikletara arte, hain zuzen ere.
Euskal Bizikleta etxeko lasterketa da zuretzat...
Bai, bai. Sekulako ilusioa dut. Etxeko lasterketa da. Iaz, antolakuntzan laguntzen ibili nintzen; inondik inora ez nuen espero parte hartzea. Horrela gertatu da eta dena emateko prest nago. Beraz, beste ikuspuntutik ikusi nuen iaz lasterketa; aurten, berriz, tropelean izango naiz. Oso pozgarria da.
Zure maila ikusita, zer espero duzu denboraldi honetaz?
Ez dakit. Mailari eustea nahiko nuke eta ahalik eta ondoena heltzen saiatuko naiz Euskal Bizikletara. Taldean, Arreitunandia nahiko ondo dabil eta saio aproposak ditu; hortaz, bera laguntzen ahaleginduko naiz eta nire aukerak aprobetxatzen.
Aurreneko urtea duzu profesionaletan, zerk harritu zaitu gehien?
Batik bat, korritzeko modua. Aldaketak badira, baina korritzeko modua nabarmenduko nuke. Oso desberdina da; amateur mailan baino askoz antolatuagoa da tropela: lasterketen lehendabiziko kilometroetan lasai doa multzoa, baina erritmoa azken kilometroetan bizitzen da. Abiadura sekulakoa da; kilometro gehiago ere egiten ditugu, noski.
Igor Astarloa eta Peio Arreitunandia lagunak gertu izatea garrantzitsua izango da, ezta?
Erabat. Batez ere, erraztasuna ekarri dit Igor eta Peio alboan izateak; bidaietan, entrenamenduetan, eta abar.
Hilabete batzuk besterik ez dituzu eman tropelean, baina non ikusten duzu zeure burua?
Aldapan gora nahiko ondo moldatu naiz, eta astebeteko itzulietan ere ondo aritu naiz. Beldurra banuen, amateur mailan itzuli gutxi egin nituen-eta. Duda hori nuen; ez nekien nola erantzungo nuen. Bestetik, Alcobendaseko aurreneko erlojupekoan lehiatu nintzen eta emaitza polita erdietsi nuen.
Hobetzeko asko duzula uste al duzu?
Bai. Profesionaletan indar handiagoa erabiltzea ezinbestekoa da; pixkanaka hartuko dudala espero dut. Hobetzeko itxaropena dut. -
|