- Sokatira (Lur gaina)
Talde berririk gabe abiatuko da Euskal Herriko Txapelketa
DONOSTIA
Talde berririk gabe abiatuko da bihar, Berriatuan, Lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa. Iazko talde berak izango dira hemen nor baino nor, eta eskerrak Goiherrik eta Gaztedik bi talde jartzen dituzten lehian, bestela taldeen kopurua oraindik eta txikiagoa izango baitzen.Euskal Herriko Txapelketa lau pisutan jokatuko dute: 680, 640, 600 eta 560. Berriro ere, azkeneko urte hauetan bezalaxe, mutilak bakarrik arituko dira. Goman neskak ere izaten dira, baina badirudi lurraren gainean aritzeko inork ez duela talderik atera nahi. 680 kilotan honako talde hauek neurtuko dira: Mutriku, Nuarbe, Goiherri, Gaztedi A, Gaztedi B eta Areso. 640 kilotan, berriz, honako hauek izango dira: Mutriku, Nuarbe, Goierri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B eta Areso. 600 kilotan ere, aurreko pisuan aritutako talde berak izango dira aurrez aurre. Azkenik, 560 kilotan, hauek arituko dira sokari tiraka: Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B eta Areso. Lehiaketak ligaxka sisteman jokatuko dituzte, denak denen aurka, eta hiru jardunaldi izango ditu pisu bakoitzak, eta jardunalditik jardunaldira puntuak batu egingo dira. Faboritoak aipatzerakoan, Nuarbe, Gaztedi eta Areso agertzen dira. Garbi dago Nuarbek ez duela orain dela urte batzuetako indar hura, tiralariak ere gutxiago ditu, eta aurten ere pisu txikian ez dira arituko, baina garbi dago arituko direnetan faboritoak berak izango direla, nahiz eta iaz Gaztedik aurre egin zien. Lehiaketa hasteko, Berriatua aukeratu dute, eta hantxe arituko dira bihar arratsaldean, 17.00etan, 680 kilotako taldeak. Lehen jardunaldi horretan taldeak lehiaketa honetara zer-nolako prestakuntzarekin iristen diren ikusteko parada ederra izango da. Aditu gehienen ustez, Gaztediren eta Nuarberen arteko dema handia izan omen daiteke lehen egunetik, baina Goiherri eta Areso ere hor daude, eta bi talde horiek ere duten maila agerian utzi nahiko dute lehenengo jardunalditik, eta ezustea emateko prest daude.
|