EUROPar ZINEMA BERRIAREN JAIALDIA
«Irudi errealeko fikzioa dut gustuko; hala ere, dokumentala da nagusi»
Bost urte dira Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976), beste lau kiderekin batera, Moriarti ekoiztetxea sortu zuela. Ordutik, gazteak «Supertramps» animaziozko lan luzea eta «Tercero B» film laburra zuzendu ditu, baita atzo Europar Zinema Berriaren Jaialdian, Gasteizen, proiektaturiko «Sintonia», bere bigarren laburra ere. Egun Lucio Urtubia anarkista nafarraren bizitzari buruzko dokumentalean ari da lanean.
Jose Mari Goenaga Gasteizera etorri zen atzo bere film
laburra, “Sintonia”, NEFF jaialdian aurkeztera. Ekoizten ari den dokumentalaz
ere mintzatu zen GARArekin.
«Sintonia» egiten duzun bigarren film laburra da. Bertan jorratzen duzun gaia komunikazioa da. Zertan datza?
Peaje batean bi pertsona topatuko dira, eta horretan oinarritzen da istorioa. Bakoitza bere kotxean doa eta peajera heltzean konturatzen dira irratian emisora bera entzuten ari direla. Eta horren bidez euren arteko komunikazioa hasten da. Peajean, leku hotza izanik, nola komunika daitekeen nahi genuen azaldu film labur honekin.
Moriarti ekoiztetxea sortu zenuen beste lau kiderekin batera, zein helbururekin?
Bost lagun hasi ginen gure kabuz 1998an proiektuak garatuz, eta halaxe jarraitzea erabaki genuen, baina era serioagoan. Horregatik sortu genuen Moriarti ekoiztetxea gure egitasmoak garatzeko. Azken finean, Euskal Herrian lanean aritu nahi dugu, eta jakin badakigu ikus-entzunezkoaren sektoreak bertan mugak dituela. Nahiz eta orain “Kutsidazu bidea, Ixabel” eta “Aupa Etxebeste!” filmekin indarberritzen ari dela iruditu, ikus-entzunezkoen sektorea oso zentratuta dago Madrilen eta Bartzelonan. Hortaz, ekoiztetxea gure egitasmoak garatzeko sortu bagenuen ere, gainontzeko ekoiztetxeekin ere lanean dihardugu. Gidoiak idazten ditugu beste ekoiztetxeetarako, adibidez. Egin dugun azken gauzetako bat “Mihiluze” programarako gidoiak egitea izan da.
Hortaz, zuentzat eta besteentzat egiten dituzuen egitasmoak ikusita, zein esango zenuke dela ikus-entzunezkoetan genero nagusia?
Hemengo sektorearen egoera dela-eta, dokumentala da gehien egiten dena. Dagoeneko guk hiru dokumental egin ditugu Irusoin diskoetxearekin batera. Bide hori indartzen ari da gehien, nire ustean. Niri bereziki fikzioa asko gustatzen zait, baina, era berean, zaila suertatzen da aurrera egitea genero honekin. Film laburrak egiten dituen jendea badago eta ateratzen da, baina pelikula luzea egiteko Madrilera joan beharra dago.
Zuk denetarik egin duzu orain arte: «Supertrams» animaziozko film laburra, «Tercero B» eta «Sintonia» film laburrak, dokumentalak. Non aritzen zara gustuen?
Fikziozko errealitatearekin aritzea gustatzen zait bereziki, baina oraindik ikasten ari gara eta bidean denetarik egin beharra dago.
Euskal Herrian animaziozko lanek gero eta pisu handiagoa dutela ematen du; horrela al da?
Beste toki askotan esparru hau ez da gehiegi jorratzen, eta Euskal Herrian arlo honetan nahiko aurreratuta gaude. Egia da hemen beti aurrekontuaren eta diruaren arazoa dugula, baina, hala ere, Goya sarietan urtero euskaldunen animaziozko proiektu bi daude behintzat.
Goya sarietan izan zen, hain justu ere, zure «Supertramps» animaziozko filma. Genero bereko bestelakorik egiteko asmorik?
Oraindik ez dago ezer aurrez ikusita. Dena den, aipatu beharra dago Aitor Arregi Moriarti ekoiztetxearekin eta Irusoin eta Dibulitoon-ekin batera “Cristobal Molón” animaziozko lana egiten ari dela.
Euskal Herrian ikus-entzunezko sektorean
dauden mugak apurtzerik badago? Argi dago hasteko laguntza behar duela sektoreak, eta
egia da ere bai Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak ematen dituela. Hala ere,
sektorearen onurarako agian hobe litzateke film bakarretan inbertitzea baino
azpiegituretan inbertitzea. Platoak, laborategiak... eta abar, azken finean
bertan industria sortu ahal izateko, bestela beti bukatu beharra dago
Bartzelonara edo Madrilera joaten.
Lucio Urtubia anarkistaren inguruko dokumentala egiten ari zara orain, ezta? Zergatik?
Sahara maratoiaren dokumentala egiten ari ginela, italiar ekoizle batek hitz egin zigun Cascanteko pertsona horri buruz. Parisen 50eko hamarkadan anarkisten borrokan hasi zen, eta pasaporteak faltsutzeaz gain, bere lorpen handiena Citibanki 3.000 milioi pezetako iruzurra bidaia txekeen bidez egitea izan zen. Euskal Herrian ez da oso ezaguna, baina bai, antza, munduko beste zenbait herritan. Interesgarria iruditu zitzaigun ezagutaraztea. Gaur egun 75 urte ditu eta poz-pozik dago bere bizitzaren inguruko dokumental honekin. -
|