GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-12
Gelatxoren eta Elgetaren doinuak, pentagraman
·«Soinua paperean» bilduma abiatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak

«Manuel Sodupe ‘Gelatxo’ (1888-1953)» eta «Jazinto Rivas ‘Elgeta’ (1906-1964)» dira Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak plazaratu duen bilduma berriaren lehen zenbakiak. Liburuok soinu txikiaren bi maisu handien errepertorioak biltzen dituzte, pentagraman transkribatuta. Osagarri gisa, CD bana dute, Gelatxo eta Elgetaren jatorrizko grabazioekin; digitalizatuta, baina.

DONOSTIA

Trikitixa Elkarteak “Soinua paperean” bilduma berria abiatu du, orain arteko “Soinuaren liburutegia”ren osagarri. Agurtzane Aizpuruk atzoko aurkezpen ekitaldian iragarri zuenez, maisu handien errepertorio zaharra bildu eta, pentagraman transkribatuta, egungo trikitilari eta batez ere irakasleen esku jartzea du helburu. Izan ere, trikitixa eskoletan partitura premia dago. «Badira bilduma batzuk, baina, normalean, irakasle bakoitzak bereak egiten ditu», argitu zuen Aizpuruk.

Bildumako lehen bi zenbakiek Gelatxoren eta Elgetaren errepertorioak biltzen dituzte, hurrenez hurren. Grabazio zaharretatik pentagramara pasatu ditu Adolfo Jainagak. Gelatxoren kasuan, musika ez ezik haren emazte Juliana Esnaolak kantatzen zituen koplak ere transkribatu ditu, Jabier Kaltzakortaren laguntzarekin. Partiturei hitzaurre bana gehitu diete: Mielanjel Haranarena Gelatxorenean eta Iker Goenagarena, aldiz, Elgetarenean. CD bana ere gehitu diete, Eresbilek digitalizatu dituen jatorrizko grabazioekin.

Elgetaren omenezko jaialdia

Aurten Elgetaren mendeurrena dela gogorarazi zuen Iker Goenagak. Urtean zehar egingo dituzten oroitzapen ekitaldien artean, maiatzaren 20an, Elgetako Espaloian, jaialdi bat izango da, 22.30ean. Hiru bikote arituko dira: Epelarre eta Zabale, Laja eta Landakanda eta Tapia eta Leturia. «Hirurek dute zerikusirik Elgetarekin ­ohartarazi zuen Patxi Santamariak­, Epelarrek eta Lajak harekin ikasi zutelako, eta Tapiak, askoz gazteagoa den arren, osaba Eleuterioren bidez lotura ere baduelako». Inazio Tolosarekin batean aurkezlearenak egingo dituen Santamariak jakinarazi zuenaren arabera, ez da jaialdi arrunta izango. «Eibarko saloietan-eta jotzen aritu zen Elgeta, eta saloi horietako bat irudikatuko dugu, dantzari eta guzti. Hor, tabernari eta bezeroaren arteko elkarrizketen bidez, haren biografiatik ateratako hainbat pasadizoren berri emango dugu». Pasadizoak Koldo Izagirreren “Elgeta, sasiaren sustraiak” liburutik aukeratu dituzte. Idazleak berak lagundu die gidoia prestatzen.

Elgetari dagokionez, bi gauza nabarmendu zituen Goenagak: gerraondoan baserriz baserri egin zuen irakasle lana, eta haren tresnaz zuen ezagutza sakona. «Zeukan soinu bakarrari ahalik eta etekin handiena atera behar zion, eta horrek tonalitate eta posizio desberdinak probatzera bultzatzen zuen». Horren isla dira liburuko partiturak. «Bada, adibidez, zazpi tonalitateko pieza bat; egun, inork ez du hori egiten», esan zuen. Elgeta benetan artista erabakigarria izan zela nabarmendu zuen: «Bera gabe trikitixa beste zerbait izango zen».

Gelatxo ere laster omenduko dutela jakinarazi zuen Mielanjel Haranak atzo. Omenaldia ekainaren 10ean izango da, jaioterrian; Elgoibarren, alegia. Hari dagokion liburua horren barruan aurkeztuko dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Pulso interno al lehendakari
Mundua
El informe del 7-J londinense no aporta novedades
Euskal Herria
Kataluniako emakumeek Ahotsak babesteko plataforma osatuko dute
Ekonomia
Bizkaia y Gipuzkoa acusan al PP y a jueces de minar «el autogobierno»
Mundua
Maragall finiquita el tripartito y anuncia elecciones anticipadas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea