Getxoartek hilaren 19an zabalduko ditu ateak
·Euskal Herriko hirurogei artista gaztek hartuko dute parte aurten azokan
Arte Sortu Berrien Aretoa da Getxoarte, Euskal Herriko arte plastikoa eta ikus-entzunezko sorkuntza berria bultzatzeko sortua. Seigarren edizioa hurrengo asteburuan egingo da, hirurogei artista gazteren parte-hartzearekin. Antolatzaileek atzo adierazi zutenez, gainera, erakustoki kopurua gehitu egin dute, guztira, berrogeita hamalau izango baitira.
GETXO
Hiru egunez, Areetako Geltokiko plazako karpan, bisitariak oso lan ezberdinak izango ditu ikusgai: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Orain dela sei urte sortu zen Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, arte proposamenik gazteenen erakusleiho bilakatzeko eta, era berean, sortzaile berriek euren lana ezagutarazteko asmoz. Gainera, artista gazteek esperientzia praktikoa dute Getxoarten eta beren lanetan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izateko aukera dute, bai publikoko jendearekin bai sektoreko profesionalekin. «Horrela, modu natural eta profesionalean, parte hartzaileek, inolako oztoporik gabe, beren lanak gustuko dituzten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean», azaldu dute antolatzaileek. «Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiektu pertsonalenetatik hasita eta taldeko proiektuetaraino. Aurtengo partaide gehienek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean ikasten dute», gehitu dute. Aurten hirurogei artista gazteren lanak erakutsiko zaizkio publikoari eta erakustoki gehiago izango dira, guztira, berrogeita hamalau. «Honi esker ikus-entzunezko artista gehiagok parte hartu ahal izango dute, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari baitira», gaineratu dute.
|