Hogeita hamar bat artista Gure Irratiaren alde
EuskalHerriko bazter guztietako hogeita bederatzi artistaren obrak bildu ditu Gure Irratiak. Izan ere, irratiak egoitza berria eskuratu duela-eta, dirua biltzeko kanpaina bideratu zuen duela zenbait hilabete. Erakusketan lanak saltzea izan da kanpaina horren azken burutazioa. 50.000 euro eskas ditu irratiak kanpainaren lehen xedea betetzeko. Obrak salgai dira.
BAIONA
Egoitza berria duela-eta, Lapurdiko Gure Irratia irrati libre euskaldunak dirua biltzeko kanpaina abiatu zuen duela zenbait hilabete, eta hori lortzeko, ezohiko ekimen bat jarri du martxan. Naroa Gorostiaga irratiko kazetariak argitutakoaren arabera, ekimen hori Juan Gorriti eskultoreak proposatu zuen. Irratiari laguntzeko ideia, izan ere, Euskal Herriko hainbat artistaren obrekin erakusketa bat egitea izan zen.
Demoek duela bi urte antolaturiko enkantearen gisara, EuskalHerriko hogeita bederatzi artistak Gure Irratia sostengatzeko obra bat edo bi eskaini dituzte, eta guztiak ondoko ekainaren 17a arte izango dira ikusgai Baionako Gaztelu Zaharreko gelan. Ekainean irekiko du ofizialki Gure Irratiak Uztaritzeko egoitza.
Orotara, beraz, Baionan hogeita hamalau obra daude ikusgai. Estilo eta forma guztiak bildu dituzte eta guztiak Gure Irratiaren alde dirua biltzeko daude salgai. «Egoitza berria erosteko abiatu dugun kanpainaren xedea 185.000 euro biltzea zen. Parte handi bat bildua dugu, baina oraindik 50.000 euro eskas ditugu», gehitu zuen Naroa Gorostiagak. Artisten artean, Zuberoako Gonzalo Etxebarria, Juan Luis Goenaga, Zigor zizelkaria eta beste hainbat bildu dira. Zigor bera erakusketan zegoen eta Euskal Herrian gaur egun artean egiten denaren erakusleiho bat zela nabarmendu zuen.
Margo horien artean, olio eta akrilikoak biltzeaz gain, dimentsio eta neurri guztietakoak aurki daitezke. Zigorrek, izan ere, Goenagaren bi margolan «indartsuak» eta Gonzaloren obra «poetikoa» nabarmendu zituen.
19.000 euro ikusleek
BAIONA Martxoaren 24an abiatu zuen Gure Irratiak etxea aldatzeko kanpaina. Ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteren artean, Biarritzen egindako kantaldia, pilota partida, bertso saioa edo rock kontzertua. Ikusgarri horiei esker bildu duten diru zamarekin batera, erakunde publikoen Eusko Jaurlaritza eta Udalbide, esaterako eta entzuleen laguntza ere izan dute. Azken horiengandik 19.000 euro lortu dituzte. Naroa Gorostiagak errandakoaren arabera, herriko etxeen laguntza behar dute. «Bestalde, kanpaina bururatzerakoan helburura heltzen ez bagara, Euskara Erakunde Publikoak eskas dena emateko engaiamendua hartua du».
|