Gerra zibila ez ahazteko «1937» egitasmoa Garazin
·Nafarroa Behereko hiru kolegiok eta Zuberoako lizeo batek antolatu dute
Estatu espainolean eta Hego Euskal Herrian izan zen gerra zibilak Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan zituen ondorioak aztertu dituzte lizeo eta kolegioetako ikasleek. Ikerketaren ondoren kultur ekimenak antolatu dituzte gaurko eta biharko Donibane Garazin eta Aiziritzen. «1937, bide zidorretatik» dantza eskainiko dute beste ekimenekin batera.
DONIBANE GARAZI
Donibane Garaziko, Donapaleuko eta Baigorriko kolegioetako eta Mauleko San Frantses lizeoko ikasleek, ikasturte osoan kultura eta hezkuntza ekintzetan parte hartuz gerra zibilaren ondorioz beren eskualdean izan ziren ondorioak aztertu eta gero, lan ezberdinak egin dituzte. Esaterako, arte plastikoen erakusketa bat egin dute eta Elirale konpainiako artista batekin dantza emanaldi bat prestatu dute. Ikasturte osoko lana gaur Donibane Garazin eta bihar Aiziritzen izanen da ikusgai Kukai eta Tanttakaren “1937, bide zidorretatik” dantza ikusgarriarekin batera. Gaualdia arratseko zortzi eta erdietatik aurrera izanen da.
Eskualdean garai horretako aztarnak atzeman daitezke gaur egun ere. Hurbil dagoen Biarnoko Gurseko kontzentrazio-esparruan sartu zituzten espainiar errepublikar eta euskal gudarien oroitzapena oraindik bizirik da. Bestalde, Donibane Garaziko Zitadelan aterpea jaso zuten Gernikako eta Bilboko errepublikarren 400 haur iheslariren edo beren familien testigantzak ere bildu dituzte.
Ikerketa eta ikasketa lan horren ondorio dira ikasleek sortu dituzten hainbat ekitaldi eta euskarri. Ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, Zornotzan egon ondoren, Elirale dantza konpainiako artista batekin dantza ikuskizun bat sortu dute eta arte plastikoak baliatuz erakusketa bat antolatu dute. Halaber, garai horretan bizi izan zirenen testigantzekin eta liburuetan bildu duten informazioarekin liburuxka bat ere argitaratu dute Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasle eta irakasleek.
Donibane Garaziko Zitadelako samatsean gaurko, eta Aiziritzeko gelan biharko, emanaldi bereziak antolatu dituzte. Aipatu ekimenez gain, Nafarroa Behereko hiriburuko Zitadelan hartu zituzten 30 pertsonen lekukotasunak eta oroitzapenak entzun ahal izanen dira gaur eta bihar. Gaualdiaren bigarren partean Kukai eta Tanttakak sorturiko “1937, bide zidorretatik” ere eskainiko dute. Jon Mayak sortu koreografia antzezten, Maya bera eta Bizkaiko sei dantzari ikusi ahal izanen dira.
Egitasmoa aurrera ateratzeko, kolegioetako eta lizeoko ikasleek erakunde eta elkarte askoren laguntza jaso dute. Garazikus elkarteak partaidetza zuzena izan du gaualdien antolaketan, erakunde publikoek ere beren sostengua eskaini dute eta, azkenik, ikastetxeetako gurasoen elkarteek, Amikuzeko ikastolak eta Elgarri elkarteak ere babestu dute iragana hobeto ezagutzeko garatu ekimena.
Gaur eta bihar antzeztuko dituzten ikusgarri horiez gain, Ainarak elkarteak eta Donapaleuko liburutegiak beste ekitaldi batzuk antolatu dituzte garai horren inguruko gertaeren berri emateko. Jean Claude Larronde, Jean Paul Duchon, Gratianne Hastoy, Josu Chueca eta beste hainbat hizlarik hitzaldiak eskainiko dituzte. Gerra zibilaz eta ihardukitze mugimenduetaz zenbait erakusketa antolatu dituzte eta, azkenik, André Malrauxen “L’Espoir” filma ere proiektatuko dute.
|