«Aukera ez da artzaintza edota hartza»
Urteak daramatza Migel Mari Elosegik Pirinioetako hartz arrearen gaineko informazioa batzen. Ezaugarriak, kulturan eta herri ohituretan izan duen isla, kontserbaziorako neurriak... guztiak batu ditu liburu berrian. Esloveniak hartzak sartzea begi onez ikusten du, «berreskuratzeko neurri garrantzitsua da», baina artzainen jarrera ulertzen du «azken batean, izugarrizko lotura dute bere lanbidearekin».
Pirinioetako «ikurtzat» jotzen du hartza Migel Mari Elosegi biologo leitzarrak. «Horren isla da leku izenetan edota Euskal Herriko hainbat kondaira eta ohituratan duen presentzia». Hain justu, Barandiaranen idatziak irakurriz piztu zitzaion hartzaren gaineko interesa, eta hartatik tiraka lortu du makina bat informazio batzea. Jada bi liburu argitaratu ditu; atzo «Hartz arrea Pirinioetan» izenburupean aurkeztu zuen bigarrena, Elkar argitaletxeak kaleratua. «Helburua hartzaren errealitatea osotasunean islatzea» izan dela argitu zuen.Hartzaren ezaugarriak aipatu zituen. Elosegiren esanetan, eztabaida handia izan da hartzaren elikaduraren gainean eta argibideak eman zituen: «Ikerketek garbi erakusten dute orojalea dela. Pirinioetan egin diren ikertetan ikusi dute bere dietaren hiru laurdenak landare jatorriko jakiz osatzen direla; beste gauza batzuk ere jaten ditu, esaterako, eztia; hartzaren dietaren azkeneko atala animalia jatorriko jakiak dira eta bertan sartzen dira ugaztun txikiak, intsektuak eta ugaztun handiak, basatiak eta etxekoak. Ikerketen arabera, hartzen dietaren %6-8 osatzen da abereez». Nabarmentzekoa da, gainera, Elosegiren ustez, hartzen ugaltze tasa baxua. «Bi urtez behin- edo izaten dituzte hartz kumeak, bi edo hiru. Horrek erakusten du, besteren artean, zergatik kostatzen zaien horrenbeste hartzei ugaltzea», azaldu zuen. Elosegiren esanetan, hartza nekez egokitzen da gertatzen ari diren aurrerapen teknologikoetara. «Ondo kontserbatutako eremuetan bizi da hartza».
Etengabeko gainbehera
Hartzaren populazioa ere aztergai izan du liburuan. «Argi ikusten da hartza Euskal Herri osoan bizi izan zela, gaur ez bezala», azaldu zuen. Haren esanetan, populazioaren beherakadaren oinarrian dago hainbat udalerrik «piztiak akabatzeko» arestian jarritako sariak. «Ehizak eta hartzen aurkako borroka horrek atzo arte iraun du eta bide horretan hainbat animalia desagertu ziren, tartean otsoa». XX. mendean goitik behera egin du hartzaren populazioak, baina, liburuaren egilearen esanetan, une batean animalia horren aldeko ikuspuntu bat sortu zen, batez ere hirira joandakoen artean, eta zenbait neurri hartu dira, baina trabak ez dira faltako. Hartza berreskuratzeko bide horretan 1996an eta 1997an hiru hartz askatu zituzten Erdialdeko Pirinioetan, bi eme eta ar bat. Elosegiren esanetan, primeran egokitu ziren. «Askatu ziren hiru horietatik, egun, gutxi gorabehera 15 izatera pasatu dira. Ederki moldatu dira, baina bestelako arazoak sortu dira», azaldu zuen artzainen kexuei erreferentzia eginez. «Hartz horiek Erdialdeko Pirinioetan askatu zituzten eta bertan otsorik ez zen izan ehun urtez, eta hartza desagerturik zegoen. Horregatik, abereak eta hazienda maneiatzeko modua bestelakoa zen. Artzaina ez zegoen ardien gainean; ez zen ia zakurrik erabiltzen eta berriz ere hartza sartu zenean saltsa sortu zen», azaldu zuen. Liburuaren egileak adierazi zuenez, ezin da hauturik egin artzaintzaren eta hartzaren artean, «biak berdin garrantzitsuak dira». «Esan behar da, agian gehiegitan egiten ez delako, garrantzi handia duen lanbidea dela artzaintza, aniztasun biologiko handia mantentzen duelako, paisaian laguntzen duelako...», azaldu zuen. Alde horretatik, artzainen ezinegona aipatu zuen.
«Artzainek abereetatik bizi behar dute eta tradiozionalki oso hurbileko
harremana izan dute horiekin. Diruz gauzak konpondu badaitezke ere, beste
zerbait gehiago behar da, euren burua gainbeheran ikusten baitute, gazteek ez
dute jarraitzen...». Horiek hala, hartzak biziko diren tokietan abeltzainek
«laguntza bereziak jasotzea eta babestua sentitzea» izan daiteke, Elosegiren
esanetan, irtenbidea. -
|