Pasaiarako irtenbide «errealak» eskatu dizkiote Azkoitiari
PASAIA
«Iritsi da ordua, Azkoitia jauna, zure ikerketa propioen egoskorkeria onartu eta Pasaiako arazoentzako irtenbide errealak proposatzen hasteko», adierazi zuen atzo Jaizkibel Bizirik plataformak Gipuzkoako Diputazioko eledun Koldo Azkoitiaren adierazpenei erantzunez.
Diputazioko ordezkariaren arabera, Pasaiako kanpo portuaren proiektua «guztiz bateragarria» da Jaizkibel mendia zaindu eta babestearekin. Plataformak gogorarazi dionez, ordea, «Jaizkibel Batasuneko Intereseko Leku (BIL) izendatzeak hark hartzen duen eremu osoa babestea esan nahi du, 2.434 Ha, eta ez habitat eta Batasuneko Intereseko espezieak soilik».
Horretaz gain, Azkoitiak kanpo portuak ez dituela Jaizkibelgo ondasun naturalak hondatuko dioenean, oinarritzat darabiltzan datu eta ikerketez galdegin du Jaizkibel Bizirik-ek: «Zein ikerketatan oinarritzen den jakiteko zain gaude, edo aitzitik, inolako egiantzekotasunik gabeko iritzietan sostengatzen den».
Azkoitiak aipaturiko beste ikerketa batzuk lortzeko zailtasunak nabarmendu ostean, bere egoskorkeria alde batera utzi eta Pasaiarako «irtenbide errealak» bilatzen hasteko eskatu zion plataformak Azkoitiari.
Bestalde, Lakuako Ingurumen sailburu Esther Larrañaga Baionan izan zen atzo, eta bertan, kanpo portuak Jaizkibelgo ekosisteman kalteak eragingo dituela adierazi zuen. Era berean, Baionako portuari erreferentzia eginez, halako bi azpiegitura horren hurbil egotea ez dela zentzuzkoa gaineratu zuen.
|