GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-05-19
Uda Ikastaroak gizartera hedatzea da EHUren xedea
EHUko Uda Ikastaroen 25. urteurrena betetzen da aurten eta, hori dela-eta, herritarrak erakartzeko asmoz sarrera libreko hainbat jarduera antolatu dituzte. Era berean, hitzaldiak, mahai-inguru irekiak, erakusketak eta kontzertuak eskainiko dituzte eta ohiko egitarauan ere zenbait berritasun daude, «eguneroko arazoekin lotura estuagoa dutenak».

DONOSTIA

Lau ardatz nagusitan banatu ditu EHUk aurtengo Uda Ikastaroak eta, horiek barne hartzen dituzten jarduera guztiez gain, ezohiko egitaraua ere antolatu dute ikastaroetan lantzen dituzten gaiak gizarteraino irits daitezen.

Ohiko egitarauari dagokionez, Ricardo Etxepare Uda Ikastaroen zuzendariak adierazi zuen «gizartearen arazo pertsoalekin lotura estua duten» jardunaldi berriak gehitu dituztela eskaintzara. Besteren artean, medikuntzan genetikaren aplikazio berriak, desnutrizioa eta obesitatea, bizitza osasungarrirako gakoak eta depresioa eta antsietatea izango dituzte aztergai.

Ikastaroen bigarren ardatzak zientzia politikarekin eta ekonomiarekin du lotura eta ekonomia ikusezina, minusbaliotasuna duten pertsonen erretiroa eta globalizazioak lan-arauetan izan dezakeen eragina ikertuko dute parte-hartzaileek.

Kultura gaiak lantzen dituzten ikastaroak ere izango dira eta, horien artean, “Kultur ondare inmaterialen kudeaketa” deritzona nabarmendu zuen Etxeparek. Azaldu zuenaren arabera, jardunaldi hori hitzezko transmisioaren bidez helarazitako irakaspenen kudeaketa zailetik abiatuko da. Oroimenaren berreskurapenari eta kulturaren sustapenari buruz ere arituko dira hizlariak.

Laugarren eta azken ardatza irakasleei zuzendurik dago eta didaktikarekin lotutako gaiak eskainiko dituzte. Berrikuntza nabariena eskolako arazoak eta harremanak lantzen dituzten ikastaroek osatzen dute. Esaterako, irakaspen emozional eta soziala, kultura asko biltzen dituen testuinguru bati eman beharreko trataera eta ikasgeletako bizikidetza indartzeko metodoak landuko dituzte.

Berritasunen haritik, kontsumoaren eta turismoaren gaineko jardunaldiak ere izango dira.

Bederatzi ekimen euskaraz

Uda Ikastaroak 87 ekintzaz osaturik egongo dira, ikastaro, mintegi, eskola, jardunaldi eta lantegiak barne. Antolatzaileek zehaztu zutenaren arabera, horietatik bederatzi euskaraz izango dira, beste horrenbeste ingeleses eta beste bat, berriz, frantsesez.



Musika, erakusketak eta hitzaldiak, doan

DONOSTIA

25. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekintza esanguratsuenen artean publiko zabalago bat eskuratze aldera pentsatu dituzten mahai-inguru eta hitzaldi irekiak nabarmentzen dira. Azken horiei dagokienez, aipagarriak dira Noam Chomskyren “Ikuspegi politikoak”, Maria Angeles Duranen “Ordainik gabeko lana”, Jose Maria Setienen “Karitatea eta elkartasuna” eta Joaquin Araukoren “Ingurugiroa” hitzaldiak.

Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan ere hainbat kontzertu antolatu dituzte. Horien artean, “Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791)” artistaren bizitzaren errepasoa egiten duen saioa nabarmendu zuten.

Erakusketak ere ez dira falta izango Uda Ikastaroen urteurrena ospatzeko. Ekaina eta abuztua bitartean hogeita bost urte horietan egindako ibilbidea egongo da ikusgai Miramar jauregian, ekaina eta uztaila bitartean EHUren Arte Ederretako Fakultateko ikasleen lanak lehen aldiz ikusi ahalko dira Donostian (Kutxaren Bulebarreko aretoan), eta uztaila eta iraila bitartean “Hitza zizel-zizela hitza” erakusketa jasoko du Kubo aretoak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La apuesta represiva sigue inalterable
Euskal Herria
Otegi y Errazti resaltan que el derecho de autodeterminación es real y se aplica
Ekonomia
Elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute Volkswagenen
Ekonomia
MCC pondrá en marcha un polígono industrial en China
Kirolak
Castaño estrena a Kaiku en el UCIPro Tour
Euskal Herria
México extradita a los seis presos vascos, detenidos hace tres años
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea