- N1
Avironek arriskuak baztertu behar ditu
BAIONA
Avironek etxean azkeneko partida jokatuko du, eta garrantzi handiakoa izango da, gainera; izan ere, mailari eusteko txartela baitu jokoan. Entente taldea hartuko du 20.00etan, Didier Deschamps zelaian.
Avironek irabazi egin behar du; ez dauka beste erremediorik. Hori lortuta, ez du mailari eusteko txartela segurtatuko, baina dena bere esku geratuko da. Galtzen badu, atzerakada handia emango du, eta besteen menpe geratuko da.
Ententek ez dauka ezer jokoan, eta azkenaldian lasaitasun hori nabaritzen ari da, emaitza nahiko kaskarrak batzen ari baita. Avironek hori aprobetxatu behar du puntuak batu ahal izateko.
Galtzen badu, mailari eusteko oso larri jarriko da, nahiz eta ez den ezer erabakiko, baina beti besteen menpe egon behar du. Irabazten badu, berriz, azkeneko jardunaldian puntu bakar bat nahikoa izango du mailari eusteko.
Jokalariei dagokienez, gaur jokatuko du azkeneko aldiz Patrice Vareillesek, Avironen izarrak. Bi urterako fitxatu du Bigarren Mailako Clermont taldearekin, eta bere helburua Aviron N1en utzita joatea da. Gaur golen bat sartuta atera nahi du Didier Deschamps zelaitik.
Azken orduko aldaketarik ez bada, litekeena da hau izatea hamaikakoa: Ruffier, Pardeilhan, Talmont, Sergent, Laporte, Choplain, Chakir, Lestage, Louit, Ech Chergui eta Vareilles. Hala bada, Bouet, Bidegain, Lamothe, Sautie eta Darocha geratuko dira aulkian.
Bestetik, gaur Didier Deschampseko harmailak denboraldiko sarrerarik onena izan dezake. Avironek tentuz prestatu du gaurko partida, eta zaleek ere badakite zer-nolako garrantzia duen N1en geratzea, eta gaur erantzungo dute.
|