- Urrezko Aizkora
Nazabalek eta Mindegiak, finalerako txartela jokoan
·Etzi eguerdian neurtuko dira Leitzako pilotalekuan
DONOSTIA
Urrezko Aizkorako lehenengo finalerdia jokatuko dute etzi, Leitzan, 12.30ean. Alde batetik, Floren Nazabal izango da, eta, bestetik, Miel Mindegia. Irabazleak Azpeitian jokatuko den finalerako txartela bereganatuko du.
Orain arte egindako lanarekin aldaketak izango dira hemendik aurrera, eta apur bat luzeagoa egin beharko dute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira bi aizkolariak. Hori amaitutakoan, kana-erdikoa zutik moztu beharko dute. Gero, erlojuz kontra arituko dira kana-erdikoarekin. Hori amaitutakoan, bi 45 ontzako jarraian moztu beharko dituzte. Bat etzanda izango dute, eta bestea, zutik. Azken-aurreko lana 60 ontzakoarekin egin beharko dute, zeinek denbora gutxiagoan. Azkenik, iraupeneko proba egingo dute, eta hor bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako izango dituzte.
Floren Nazabal izango da garaipena lortzeko faboritoa. Gauzak ongi joanda, Etxarrikoak garaipena lortu behar luke, baina adi ibili beharko da Mindegiarekin. Ezkurrako aizkolari beteranoak ez du hutsik egiten, eta besteek izan ditzaketen deskuiduak aprobetxatzeko prest egoten da.
23 urtez azpikoak, berriz, Mutrikun izango dira, Olatz auzoan, 13.00etan. Alde batetik, Otaegi eta Mugertza II.a neurtuko dira. Biak daude finalerdietan sartuta, baina garaipena lortzen duenak multzoko lehen postua eskuratuko du.
Bertan neurtuko dira baita Xabier Mindegia eta Atutxa II.a. Azken horrek ezustean menderatu zuen Rekondo, eta etzi garaipena lortuko balu, finalerdietako txartela ere segurtatuko luke. Mindegiak irabaziko balu, multzoko hirurek berdinean amaituko lukete, eta denborak ikusi beharko dira.
|