GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ERRUGBIA 2006-05-19
- (Heineken Kopako finala)
Traille: «Munster etxean bezala arituko da, baina moldatuko gara»
·5.000 zale euskaldun pasatxo izango dira Milenium zelaiko harmailetan

BIARRITZ

Atzo egin zuen Biarritzek lehenengo entrenamendua Cardiffen, bihar arratsaldean Munsterren aurka jokatuko duen norgehiagoka prestatzeko. Ez zen inongo eragozpenik izan, eta orain arte, behintzat, gauzak nahi bezala doaz.

Damien Traillek, Biarritzeko jokalariak, partida zaila izango dela nabarmendu zuen. «Munster talde handia da. Nahi eta nahi ez igo beharko dugun mendi bat bezala hartu behar dugu. Hori izan behar dugu buruan», esan zuen.

Irlandarrak etxean bezala arituko direla bazekiela onartu zuen lapurtarren jokalariak. «Hori garbi dago. Guk 5.000 ikusle inguru izango ditugu harmailetan, eta gainerako guztiak haien alde egongo dira. Ez da erraza izango, baina moldatuko gara. Gu animatzera datozenak ere ez dira isilik egongo, eta seguru ederki entzuten direla. Hala ere, hau normala da. Guk final-laurdenak eta finalerdiak etxean jokatu ditugu; dena alde izan genuen, eta besteek aritu behar izan dute gu bihar arituko garen moduan», erantsi zuen Traillek.

Munsterri buruz, honako hau adierazi zuen: «Talde handia da.Iaz Donostiara etorri zenean ere horrelaxe zen, eta aurten ere bai. Aldea da iaz O’Gara ez zutela, eta aurten, bai. Horrek partida bat erabaki dezake, eta oso kontuan hartu beharko dugu. Guk ere baditugu, ordea, partida erabakitzeko moduko jokalariak».

Biarritzek gaur egingo du azkeneko entrenamendua, eta gero partidari begira jarriko da; denak larunbat arratsaldea iristeko zain geratuko dira.

Irlandarrak, nagusi

EuskalHerritik 5.000 zale pasatxo espero dira Irlandan. Batzuk gaur bertan iritsiko dira, baina hegazkinik gehienak bihar goizean aterako dira Galeseko hiriburura. Cardiffera joatea ez da bidaia erosoa egiten, eta gehienek telebistaz jarraitu beharko dute norgehiagoka. Horretarako bi pantaila erraldoi jarriko dituzte Biarritzen. Bata Plaza Berri pilotalekuaren ondoan, eta bestea, Agileran. Horrez gain, Biarrizko eta gainerako herrietako tabernak gainezka egongo dira, denak zuri-gorrien aurreneko Europako Kopa izango delakoan.

Gainera,Biarritzen, bertako karrikak eta taberna guztiak zuri-gorriz jantziko dira, hemendik taldea animatu nahian, eta denen buruetan, gaueko festa dago. Inork ez baitu zalantzarik egiten gauean Biarritzen garaipena ospatuko dela.

Beste aldetik, hemendik hilabetera gauza bera berriz gertatzeko itxaropena ere badago Biarritzen, orduan Ligako finala jokatuko delako, eta aurten inoiz baino gertuago dituzte bi lehiaketak. Lehenengo, ordea, biharko finala dago. Aurkaria oso zaila izango da, eta irabaztea asko kostako da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La apuesta represiva sigue inalterable
Euskal Herria
Otegi y Errazti resaltan que el derecho de autodeterminación es real y se aplica
Ekonomia
Elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute Volkswagenen
Ekonomia
MCC pondrá en marcha un polígono industrial en China
Kirolak
Castaño estrena a Kaiku en el UCIPro Tour
Euskal Herria
México extradita a los seis presos vascos, detenidos hace tres años
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea