Indarkeriaz erantzun diote Burilloren dimisioa exijitzeko NUPen egin grebari
Iragan asteko itxialdiaren ondorioz iragarri zuten Ikasle Abertzaleek atzorako greba deialdia unibertsitatean, betiere ikasle euskaldunen hizkuntz eskubideak Pedro Burillok ez dituela errespetatzen deitoratuta. Hain zuzen, errektorearen dimisioa exijitzeko ekimena izan zen, eta gutxi gorabehera ikasleen %60 batek alboratu zituen atzo jardun akademikoak. Dena den, greban parte hartu zutenek erantzun bortitza jaso zuten zentroko segurtasun-indarrengandik.
IRUŃEA
Nafarroako Unibertsitate Publikoa euskalduntze bidean «pauso irmorik eman ez», eta unibertsitatea euskalduntzeko asmorik azaldu ez duen Burillo errektorearen dimisioa eskatzeko greba izan zen atzo.Unibertsitatean euskaraz bi-zi eta ikasteko eskubidea berma dadila eskatzeko, goizetik hasi ziren piketeak jardunean. GARAri azaldu ziotenez, 9.00-etarako eraikineko ate guztiak okupatuak zituzten 150 bat lagun pankartarekin eta besoetatik helduz jarri ziren inor ez pasatzeko. Dena den, honakoa argitu zuten: «Sarrera eragotzi dugu, baina era baketsuan, indarkeriarik erabili gabe». Nolanahi ere, laster hasi ziren istiluak. Lekukoek azaldu zuten unibertsitateko segurtasun-indarrak izanik ere, atzo kide bereziak izan zirela NUPen, eta protesta zela-eta bereziki kontratatutakoak izango zirela ondorioztatu zuten. Sarrera inguruetan bildutako ikasleek bertan egoteko eskubidea zutela gogorarazi zieten, baina pankartari tira egiten hasi ziren agenteak. Bultzaden artean gazteek pankarta bereganatzea lortu zuten. Halere, berriz jartzera zihoazenean borrekin bortizki jipoitzen hasi zitzaikien.
Zaurituak eta «borra ilegalak» Ikasle bati hortz bat hautsi zioten, beste bati ebaki bat egin zioten hankan, hirugarren batek kolpeak jaso zituen eskuan, eta laugarren bati, aldiz, «kristoren kolpea» eman zioten buruan, atzetik.
Horretarako, gainera, borra arruntez ezezik bestelako luzagarriak diren beste batzuez baliatu zirela ere adierazi zuten, «legez kanpo daudenak», alegia. Une oro poliziakideek agertutako jarrera «harroputza» izan zela salatu zuten, «bultzaka, mehatxuka...», eta ikasleek horren arrazoia zein zen itaundu zieten, baina tirabira gogorrak izan ziren.Une jakin batean Polizia espainola zein Udaltzaingoa ere agertu zen unibertsitatera, baina haiek ez ziren sartu iskanbiletan eta alde egin zuten gerora. Gainera, ikasleek azken poliziakide horiei bertara zitezela eskatu zieten geroago, «segurtasunekoek ez zutelako beren burua identifikatu nahi», baina ez ziren berriz bertaratu. IAk arratsean azaldu zuen ikasleen erantzuna «oso ona» izan zela. Klaseak %60an gelditu ziren gutxi gorabehera, eta 11.30ean abiatutako manifestazioan 400dik gora lagunek hartu zuten parte. Azken protesta hori gelaz gela ibili zen: «Klaseetan jende gutxi zegoen, eta klase asko hutsik zeuden».
Hainbat eragilek babesa agertu diete euskararen aldeko ekimenei
IRUŃEA Sortzen Ikasbatuaz, Oinarriak, LAB, Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak babesa agertu diete NUPen egiten ari diren ekimenei, bertan euskarari ematen dioten trataerarekin «kezkatuta» daudela argituz. Adierazpen batean salatu zuten ikasle euskaldunen kopurua urtez urte handitzen bada ere, euskaraz ikasteko eskaintzak «oso murritza» izaten jarraitzen duela. «Burillo errektore jaunak kanpora begira NUPen euska- raz ikasteko eskaintza handitzen ari delako irudia eman nahi badu ere, errealitatean planifikazio ezak aurrera jarraitzen du», azaldu zuten. Aurten, kasu, euskarazko 14 ikasgai berriak eskaintzeko kontratazio berririk ez da izan. Eragileok argitu zuten eskaintza hori orain ere irakasle euskaldunen «borondate onean» egon dela oinarritua, eta, aldiz, horien «lan zama gogortu» eta «prekarietatea areagotu» egin dela. «Erdarazko plangintza» Unibertsitateko zerbitzuak edo 2005-2008ko urteetarako plan estrategikoa aztertuz gero ere, hauxe aipatu zuten: «Konturatzen gara gaztelania hizkuntza nagusia dela eta euskarak ez daukala inongo garrantzirik. Izan ere, erdararen plangintza hutsaz hitz egin dezakegu». Gizarte nafarra euskara berreskuratzeko «ikaragarrizko ahaleginak» egiten ari dela uste dute, baina «erakundeen konpromisoa eta behar bezalako ekintza praktikoak eta baliabideak ezinbestekoak» direla ere adierazi zuten. NUPen euskara defendatzen ari direnak ikasle euskaldunen eta nafar ororen eskubideen alde ere badabiltza.
|