Gazteak gizarteratzea laguntzeko kultur proiektua Baionan
BAIONA
«Kultura, kirola bezalaxe, gazteak gizarteratzea errazteko bitartekari egokia izan daiteke», esan zuen atzo Jean Grenet Baionako auzapezak uda honetan zabalduko duten “ostegun zinemak” deitu egitasmoa aurkezterakoan.
Ipar Baionako auzoari zuzendua, proiektuaren xedea, zinemaren bidez, gazte batzuk gizarteratzea laguntzea da.
Udako bi hilabeteetan film berriak aire librean dohainik azaltzeaz gain, epe luzerako hamar bat gazterekin film bat lantzeko asmoa dute. L’Atalante, MVC Saint Etienne eta Pessac-eko zinema eskolaren laguntzarekin bultzatu dute lan hori. Ipar Baionan zinema programa zabal bat eskainiz animazioa sortuko dute, eta, lekuko gazte batzuekin, film labur bat eginen dute hasiera batean.
«Lan hori L’Atalante zinema aretoan aurkeztuko dute ondoko irailean», argitu zuen Christian Millet-Barbe Baionako hautetsiak.
Ondotik, zinemagintzan lan egiten duen batekin batera, hamar gaztek film luze bat landuko dute. Eta emaitza Bordeleko jaialdian aurkeztuko dute. «Ipar Baionan mugatua badago ere, gure asmoa ondoko urteetan egitasmoa beste auzoetara zabaltzea da», burutu zuen esaten.
|