CGTko bi kide Madrilgo zubi batean zintzilikatu dira VWeko egoera salatzeko
CGTk ekintza ugari egin zituen atzokoan Volkswagen Navarrako egoera kritikatzeko. Alde batetik, Madrileko Segovia kalean dagoen zubian zintzilikatu ziren pankarta batekin eta bestetik, hainbat elkarretaratze egin zituzten Volkswagenek Estatu espainoleko hainbat hiriburutan dituen kontzesionarioen aurrean.
MADRIL
CGT sindikatuko bi kide Madrilgo Segovia kaleko zubian zintzilikatu ziren atzo, lurretik 30 metrora, hain zuzen, Volkswagen Navarra enpresako egoera salatzeko asmoz. Prentsa bulegoko ordezkari Roberto Blancok adierazi zuen saioa «propaganda-ekintza» izan zela eta gizartean atentzioa eman nahi zutela Volkswageneko lan-politikaren kontra eginez.
Era berean, Madrilen larunbat honetan «Stop represión, despidos Volkswagen Seat» lelopean 18.00an egingo duten manifestazioa ere gogora ekarri nahi izan zuten. Esan behar da VWeko Nafarroako batzordean dauden 29 ordezkari sindikaletatik CGTk bost dituela.
Zubitik zintzilikatzearena, hala ere, ez zen atzoko ekintza bakarra izan; izan ere, CGTko kideak, Landabeneko balizko deslokalizazioa salatzeko, VWek Estatu espainoleko hainbat hiriburutan dituen kontzesionario batzuen parean aldi berean elkarretaratu ziren. Elkarretaratze horiekin hitzarmenaren negoziazio bukaezina, orain arteko kaleratzeak eta errepresio sindikala ere kritikatu nahi izan zituzten.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko buru Miguel Sanzek nabarmendu nahi izan zuen Volkswageneko zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko desadostasuna ez dela industria deslokalizazioarengatik sortu, UGTren eta CCOOren arteko tirabirengatik baizik. Horrela, horrek sortu ahal izango dituen arazoak ekarri zituen gogora Sanzek, VW Navarrako batzordean «nazionalistak» diren sindikatuak ere egon badaudelako.
Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ustez, Nafarroako UGT eta CCOO sindikatuen batasun sindikala «oso kaltetuta» dago eta hori «arriskutsua da ekintza sindikalaren batasuna hausteak arriskuak dituelako, bertan lan irizpideak baino irizpide politikoak gehiago jarraitzen dituzten nazionalistak diren sindikatuak baitadude». Era berean, bi sindikatuek zuzendaritzak egindako hitzarmenaren luzapen proposamena onartuko dutela adierazi zuen Sanzek.
|