Euskal Herria menderatzeko ahaleginak zenbatezinak izan dira historia osoan zehar. Inperio ezberdinek gure herria asimilatzeko ahaleginak egin dituzte behin eta berriro. Egun bertan, askoren ustez, gu ez gara existitzen herri bezala.
Baina denok dakigun legez, erasoaldi guztiei oldarki egin diegu aurre eta gaur egun arte bizirik jarraitzea lortu izan dugu. Arriskua nondik zetorren jabetzeko usaimen berezi bat erabili dugu beti. Horretaz gain, ausartak gara, gure herria maite dugu eta sasoian gaude. Horrexegatik nahiko genuke mende luzez gehiago bizkor bizirik irautea.
Dena den, eraso inperialistak ez dira inoiz eten. Horien helburua gurea bezalako herri eta kultura txikiak mapatik ezabatzea izan da eta izaten ari da. Izan ere, gure herriaren biziraupena mehatxatzen duen arriskurik larriena atarian dugu.
Europan Industria Iraultza izan zenean munduan barrena esku-sartze handi bat martxan jarri zen. Akumulazioarekin hasitako jendarte hierarkizatuaren eredua finkatu zen. Hiriguneak handitzearekin batera erregai eta lehengaien beharra izugarri handitu zen eta XX. mendean muturrera joan zen zientzia eta teknika bitarteko, petrolioaren erabilera erraza lagun.
Hori guztia iraunarazi nahi duen inperio beldurgarri eta zapaltzaile baten mehatxua gainean dugu. Herensuge erraldoi baten antza du gure bizitzan, gure buruan eta gure bihotzean sartzen ari den inperio horren itzalak. Abiadura Handiaren Inperioa.
Jendarte eredu zehatz batekin dator. Gutxi batzuk diseinatutako bizimodua gehi- engo bati ezartzen diote. Gutxiengo baten interesak guztionak direla sinetsarazi nahi digute. Propagandarako duten tramankuluei esker maiz lortzen dute jende askok pentsatzea beraien nahiak, ametsak eta desioak bat datozela handi -mandien nahi, desio eta ametsekin.
Baina herensuge horren bihotza gugandik oso urrun dago. Bruselan, hain zuzen ere. Olio agrokimikoa, botika eta autoak ekoizten dituzten enpresen bihotzean daude herensugearen taupadak. ERT edo Industrialen Mahai Inguruak Europar Batzordeari agintzen dio zenbat kilometro az- piegitura eraiki behar diren Europan. Hain zuzen, 30.000 abiadura handiko km eta 12.000 km errepide agindu zion duela urte batzuk. Noski, munstroaren asmoak betetzen ari dira.
Herensugeak morroi- ak edonon ditu. Hemengo jauntxoek, hots, sozial demokrata espainolek, estatutista baskongadoek eta foralista nafarrek bere asmo suntsitzaileekin bat egiten dute.
Gainontzeko inperioek egiten duten bezala, gezurrez eta Armadaz balia-tzen dira beraien asmoak inposatzeko.
Abidura Handiko Trena eta horrekin batera datorren lurralde antolamendua (plataforma logistiko eta intermodalak, superportuak, Eurohiria...) lurraldearen kohesiorako balioko dutela eta lanpostuak sortuko dituztela diote. Zalantzan jartzen dugu hori.
Horrelako azpiegiturek lurraldea bortizki zatikatzen dute eta dagoen baserri lur eskasa jaten dute. Gehienek merkantziak garraiatzeko erabiliko dute eta horien kopurua izugarri ari da handitzen. Gaur egun 10.000 kamioik gurutzatzen du Irun- go muga eta lau urte barru 25.000ra iristea aurrez ikusten da. 280.000.000 tona merkantzia igaroko dute 2020. urtean. Kopuru horrek, jasanezina izateaz gain, bertako azoka eta lanpostuen desagerketa bideratzen du kanpotik ekarritako produktuekiko menpekotasuna sortuz. Gure herria kultura, hizkuntza eta nortasuna nekez mantenduko lituzkeen pasabide luze bilakatuko litzateke egitasmo guztiak betez gero.
Sinesten dugu, sinesten dugunez, berriz Bolkestein direktibak ahalbidetzen duen esklabo merkeen garraioa erraztuko luketela azpiegitura horiek.
AHT ekologikoa dela diote. Baina gure datuen arabera, munstro hori elikatzeko gas metanoa behar da eta horren ahalmen kutsakorra CO2rena baino 20 aldiz handiagoa da. Gainera, AHTk xahutzen duen energia 25.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duenaren adinakoa da. Horretaz gain, ez dugu uste egingo lituzketen 400 km tunel, zabortegiak, akuiferoen suntsiketak, biaduktuak eta abar luze bat oso ekologikoak direnik ere.
Abiadura Handiko Trena autoen ugalketarako alternatiba izanen dela diote. Hori ez da egia. AHTk hiriburuak besterik ez lituzke lotuko eta jendearen tokialdatze gehienak lanera joateko izaten dira. Gainera, mugikortasunaren beharra murrizten ez bada, gero eta azpiegitura gehiago beharko dira. Eta horien ugalketarekin batera, eragindako trafikoaren fenomenoa sortzen da. (tráfico inducido). Eta aipatu bideak hustuko balira ere, oso tentagarriak lirateke beste autoentzat...
AHTk urrun dagoena hur-biltzen duen neurrian, hurbil dagoena urruntzen du. Hiri modernoen antolamenduak abiaduraren esklabo bihurtzen gaitu. Egunero izugarrizko distan- tziak zeharkatu behar ditugu lanetik, etxera, eskolara, erosketetara edota zinemara joateko. Ibilgailuen erosotasunerako bideak, jendearen helkortasunaren- tzako oztopo. Gainera, abiadurak jendartearen estratifikazioa dakar. Alegia, antolamendu berri honetan kontsumitzeko dirurik ez duen jende asko baztertuta geratzen da.
Gainontzeko inperioek egiten duten bezala, Armada erabili behar dute beraein asmo estratejikoak ezartzeko. Horiek eraso beli- koen itxura handia daukate. «Azkar» joateko irekitzen diren bideak eta eraikitzen diren azpiegiturek pertsonei duintasunez bizitzeko lekuak kentzen dizkiete. Eusko Jaularitzak eta PSOEk sinatutako protokoloaren ondorioz, lurrak berehala desjabetzen hasiko lirateke Abadiñon, Atxondon eta Elorrion. Hori gauzatzeko indar militarra erabili beharko lukete ziur asko, jendearen borondateari muzin egiten dioten prozesu baten kulminazioa izanen litzatekelako.
Gizakiok gero eta bakartuagoak gaude horrelako agertokian. Harremanak eta komunikazioa inoiz baino zailagoak dira eta indibidualismoarekin batera norberekoikeria areagotzen da. Euskal Herriari nortasuna eman dion izaera kolektiboa galtzeko zorian gaude.
Ez da nahiko garraio sistema kuestionatzea. Sistema produktibo eta ekonomikoa bere osotasunean kuestionatu behar dugu. Balizko hazkunde ekonomikoaren atzean dauden hutsuneak eta akatsak identifikatuz, ekonomiaren kostu ezkutuez jabetuko ginateke. Hots, garraio sistema «azkar» honek ahalbidetzen duen esplotazioa eta naturaren suntsiketa.
Mehatxu zahar-berri honen aurrean, gure burua eta gure herria defendatu behar dugu. Abiadura Handiko Trenaren aurka borrokatuz gizartearen eralda-keta sakon baten aldeko apustu sendo bat egin beharko genuke. Inperialisten asmoei mozorroa kendu ahala, gure benetako nahi- ak eta beharrak agerian geratuko dira. Etsaiak eskaintzen dizkigun goxokiak gure esklabutza eta menpeko- tasunerako direla kontuan hartuz, gure neurriko bizimodua eratzeko bidean jarri behar gara. -