Hitzordua eziagon
Azkenaldion 18/98 eta bereziki “Egin” inguruan ezagutu ditugun albiste eskandaluzkoak kontuan izanik, gutun honen bidez argitu nahi dudana huskeria bat irudituko zaio bati baino gehiagori. Baina barrenak eskatzen dit.
Egunotan argitaratu den zenbait albistek kontrakoa pentsatzeko bi- de eman badezake ere, “Egin” 1998ko uztailaren 15ean indarraren indarrez itxi zutenez geroztik, langile ohiok ez dugu inoiz Eziagoko instalazioetara sartzeko aukerarik izan. Ez kolektibo gisa, behintzat. Eta ondoko lerroetan hauxe argitzen saiatuko naiz.
1999. urte hasieran, abokatuek epailearen aurrean hainbat gestio egin ondoren, langile batzuek buruz ari naiz, baina sei edo zortzik sartzeko baimena lortu zuten. Gainerako guztiok barruan ziren gure gauzen zerrendatxo bana eman genien eta, horrela, langile horiek agendak, betaurrekoak eta antzeko gauza pertsonalak atera ahal izan zituzten, betiere idazkari judizial eta polizien be- giradapean. Hau da, alde batetik, espresuki epailearen baimena zutenak bakarrik sartu ziren, eta, bestetik, zerrendetan ez zeuden gauzak ezin izan zituzten atera.
Bost urte geroago, 2003ko uztailaren 18an, “Egin”eko zuzendaritza eta administrazio kontseiluetako kideak sartu ziren, eta ordura arte susmoa baino ez zena hura dena alferrik galduta zegoeneko susmoa, alegia bertatik bertara baieztatu ahal izan zuten. Bisita hartan ateratakoak dira hainbat komunikabidek argitaratu zituzten argazki esanguratsuak. Joan zen astean Madrilgo epaiketan aurkeztu zuten bideoa ere garai bertsukoa da, notario aurrean egina. Baina, esan bezala, orduko hartan ere langile ohiok ez genuen sartzerik izan. Are gehiago, sartu ziren zuzendaritza eta administrazio kontseiluetako kideek adierazi zuten langile ohiok ere lehenbailehen sartzeko modua bilatzen ari zirela. Ez zuten aurkitzeko aukerarik izan, ordea. Antza denez, haiek sartu izana ere ez zitzaien gustatu epaileei, eta ondoko egunetan beste inor ez sartzeko neurriak ezarri zituzten.
Beraz, 1998ko uztailaren 15az geroztik, langile ohiok ez dugu urtetan gure lantoki izandakora berriz itzultzerik izan. Zertarako itzuli, ordea?, galdetuko du baten batek. Izan ere, han utzi genituen gauza «pertsonalak» (liburuak, hainbat paper, betaurreko pare bat, apreta zaharrak, hortzetako eskubilakŠ) hala-moduz egongo dira, alferrik da horiek berreskuratzen saiatzea. Bai, egia da, eta, gainera, inoiz sartzen baldin bagara, bidegabekeria hura gogoratu eta geure baitan samina eta amorrua beste edozein sentimendu positiboari gailentzeko arrisku handia dago. Hala ere, nik, behintzat eta oso oker ez banago ez naiz inolaz ere bakarra, sartu nahi dut, han barruan nire eta «gure» iraganarekin hitzordu garrantzitsua dudala sentitzen dudalako, barren-barrenetik sentitu ere.
Gutunak ematen didan aukera aprobetxatu nahi dut 18/98ko lagunei, “Egin”ekoak izan ala ez, animo esateko.
Martin Anso - «Egin»eko langile ohia
|