J.L.
BIARRITZ
Finala jokatzeko ordua iristen ari den bezalaxe ari dira urduritasunak agertzen. Biarritzek orain arte denboraldi ederra egin du. Europako Kopako finalean izan zen, eta orain Ligako finalean da. Horrexek berak kezkatzen ditu, ordea, bai zaleak, eta bai taldeko kideak ere.
Denen buruan dago iaz Stade Françaisekin gertatu zena. Haiek ere bi finalak jokatu zituzten, eta biak galdu zituzten. Horrek ematen die beldurrik handiena. Bi finaletara iritsi, eta bat bera ere ez irabaztea kolpe latza izango litzateke denentzat. Gainera, taldearentzat ere, duen aurrekontua eta dituen jokalariak ikusita, zaplazteko ederra izango litzateke.
Tolosa da, gainera, Biarritzi gaizkien etortzen zaion taldeetako bat. Orain dela bi urte bi finaletatik kanpo utzi zuten talde zuri-gorria, eta orduko ordaina emateko prest daude.
Tolosa izango da, gainera, Frantziako Ligan titulurik gehien lortutako taldea. Hamasei aldiz lortu dute Liga irabaztea, baina azkenekoa 2001. urtean izan zen, eta bost urtetan Ligarik irabazi gabe geratzea kolpe handia izango litzateke haientzat, eta are gehiago aurten ezer irabazi gabe daudela kontuan hartuta.
Europako Kopan ere hiru aldiz izan dira txapeldun. 1996an, 2003an eta azkeneko aldiz joan den denboraldian. Horiek ere, Biarritzek bezalaxe, zerbait irabazteko premia daukate, eta are gehiago horrenbeste urte Liga irabazi gabe egon ostean. Adituen ustez, berriz, finala estua izango da, eta seguru asko ere ez da ikusgarria izango. Bi taldeek asko dute jokoan, eta ahalik eta arriskurik gutxien hartzen ahaleginduko dira. Finalerdietan, gainera, bi taldeek 12-9 irabazi zuten.