GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-06-08
Finala oso estua izango dela uste dute aditu gehienek
·Izeta II.a-Landarbide Barinaga-Ostolatzaren aurka neurtuko dira larunbat gauean

DONOSTIA

Urrezko harri-jasotzaileen finala ere izango da etzi gauean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko jaialdi handian. Aizkorako bi final eta bestea harri-jasotzaileena izango baita.

Alde batetik, Izeta II.a-Landarbide neurtuko dira, eta, bestetik, Barinaga eta Ostolatza. Aditu gehienen ustez, finala oso estua izango da, eta seguruenik ere azkeneko jasoaldira bitartean ez da ezer erabakiko. 100 kiloko zilindro berria, 200eko errektangularra, bakarka, eta 100eko bola eta 113ko kubikoa, txanda librean erabiliko dituzte, eta bakoitzarekin bi minutuko txandak izango dituzte lehiakideek.

Harri-jasotzaileek ere neurketa estua izango dela esaten dute. «Garbi dago bolara bitarte ez dela ezer erabakiko. Nik 200 kilokoarekin Landarbideri kentzen diodana IzetakBarinagari kenduko dio zilindroarekin. Kubikoarekin parean izango garela uste dut, eta bolak erabakiko du auzia nire ustez», esan zuen Joseba Ostolatzak. Izan ere, finala beren alde joateko itxaropena harri bolarekin dauka. «Orain arte guk jasoaldi gehiago eman dizkiogu bolari, eta oraingoan ere horrela egiten badugu, uste dut txapela lortuko dugula», jakinarazi zuen.

Izeta II.ak era finala estua izango dela esaten du: «Garbi dago Ostolatzak eta nik eramango dugula biko bakoitzeko pisua. Bakarkakoan denok dakigu zer gerta daitekeen, eta hor txanda librean ikusiko da dena». Hala ere, Izetak badu beste itxaropen bat ere: «Finalerdietan Landarbidek ikusgarrizko lana egin zuen. Errektangularrari bost jasoaldi ematen badizkio, txapeletik gertu izango gara». Dena dela, aiarrak besteak jotzen ditu faborito: «Ligaxkan guk irabazi genien haiei, baina finalerdietan gu baino 400 kilo gehiago jasota daude. Lehen irabazi genien, eta berriro ere irabaz dezakegula uste dugu; itxaropen horrekin goaz».

Jasoaldi azkarrak

Txapelketa honetan, ordea, txandak oso laburrak dira, bi minutukoak, eta hor ustelen bat izatea ere ez da harritzekoa; hori kirolariek badakite. «Oso azkar jaso eta berdindu behar da bizkarrean harria, eta segidan bota. Hor badakizu, ez baduzu ongi berdintzen, eta behar bezala berdindu baino lehen norbaitek ukitzen bazaitu, ustela izaten da, eta horrelakoetan adi ibili behar da, eta horrek kezkatzen gaitu. Gainera, epaileak argi ibiliko dira, eta ustel bat nahikoa da dena okertzeko», esan zuen Izeta II.ak.

Ostolatza ere ustelek kezkatzen dute. «Bi minutuan dena oso azkar egin behar da, eta askotan jasoaldi narrasak ematen ditugu. Nik askotan esaten diet epaileei horrelakoetan lehenengo esateko, baina askotan lehengoan ustel ematen dute eta akabo. Arautegiaren arabera futbolean bezala da.Lehenengo txartel horia atera, eta ez baduzu zure jokabidea aldatzen, ondoren gorria.Dena dela, ez da erraza, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», azaldu zuen Joseba Ostolatzak.

Aiarra eta zestoarra dira biko bakoitzeko izarrak, baina biak daude kideekin oso gustura. «Ni Landarbiderekin oso ongi ari naiz. Ongi konpontzen gara, eta bion artean lan ona egiten dugu. Ez daukat inongo aitzakiarik», esan zuen Izetak.

Ostolatzak ere Barinagari buruz gauza bera esan zuen. «Egia esan behar bada, ez nuen gehiegi ezagutzen, baina orain oso gustura nago. Iaz Izeta IV.arekin aritu nintzen, eta finalerdietan sartuta oso gustura geratu nintzen, baina aurten finalera heldu naiz, eta txapela nahi dut. Barinagarentzat ere garrantzitsua da txapel hau; indar handia emango dio», esan zuen.

Finalean izango diren lau kirolarien artean Barinaga izango da berriena, ezezagunena, baina Ostolatzak lasai ikusten du kidea. «Berria da; akaso tamaina honetako finalik ez du inoiz jokatu, baina lasai ikusten dut. Bere lana oso ongi ari da egiten, eta txanda librekoan ni bete samartuta ikusten banau, segituan hartzen du txanda», adierazi zuen zestoarrak.

Izeta II.arentzat, berriz, final berezia izango da. Joan den urtean jokatu zuten lehiaketa hau lehendabiziko aldiz, eta bere anaia Izeta III.ak jantzi zuen txapela Aimar Irigoienekin batera. Aurten gauza bera egiten badute, txapelak etxean jarraituko du. «Gauza polita litzateke hori lortzea, txapelak etxean jarraituko lukeela esan nahiko baitu. Niretzat besteak dira faborito, baina lehenengo irabazi genien, eta berriro ere irabaz diezaiekegu», adierazi zuen Aiako aizkolariak.



Hiru gipuzkoar eta bizkaitar bat izango dira
Larunbateko harri-jasotzaileen finalean, hiru gipuzkoar eta bizkaitar bat izango dira. Izeta II.a, Landarbide eta Ostolatza dira gipuzkoarrak, eta Barinaga, bizkaitarra. Etzi jokatuko diren hiru finaletan, Gipuzkoak izango ditu ordezkaririk gehien, Olasagasti eta Otaegi ere herrialde horretakoak baitira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Barre eragiten duen egoera negargarria
Euskal Herria
«Se trata de un proceso y, por tanto, cada día surgirán nuevos retos»
Euskal Herria
«Egin» acordó pagar toda su deuda con la Seguridad Social
Jendartea
Urduritasuna aurten ere
Kirolak
Sarriegi, primer refuerzo rojiblanco
Euskal Herria
La Policía española irrumpe en una rueda de prensa de Batasuna
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea