Unai ARTETXE
DONOSTIA
Udako sasoia aprobetxatuz, pilotari gazteenei aukera ematen saiatzen dira enpresak, eta Asegarcek hori bera egingo du Javi Oteizarekin eta Jokin Argoterekin, hilaren 17an profesionaletan debuta egingo dute-eta. Oteiza ia bi urtezegon da Asegarceko kirol arduradunen aginduetara entrenatzen, eta hilabete batzuk gutxixeago Argote, baina azkenean biei unea iritsi zaie.
Zarautzen sortua, Oteizak 23 urte beteko ditu abuztuan. Atzelari handia eta indartsua da 1,89 metro eta 85 kilo, esku biak ondo maneiatzen ditu eta frontisaren altuera ondo aprobetxatzen daki.
«Tolosan entrenatu gara Aniceto Lazkanorekin, eta oso gustura aritu naiz denbora honetan guztian», azaldu zion GARAri atzelari zarauztarrak. Afizionatu mailan txapelketa asko irabazitakoa da, Mallabian jokatzen den Biharko Izarrak eta DVko Torneoa barne, baina orain maila berrira ohitzen joan nahi du. «Ahal dena egiten saiatuko naiz. Badakigu mundu hau afizionatuetakoa baino gogorragoa dela, baina pixkanaka-pixkanaka hobetzen saiatuko naiz. Lehendabizi Bigarren Mailan edo dena delakoan ikasten joan nahi dut, eta baxuenetik ahal bada mailaz igotzen joan, baina ikasten», esan zuen.
Pilotari gisa bere burua definitzeko eskatuta, Oteizak hauxe azaldu zuen: «Erregularra naizela uste dut, eta eskuin eskuarekin ezkerrarekin baino hobeto moldatzen naiz».
Etxean debutatzeak ere ilusioa egiten dio. «Partida Zarautzen izanda jende asko etortzea espero dut, eta seguru familia eta koadrilakoak han izango direla».
Jokin Argote, ostera, abuztuan 24 urte beteko dituen atzelari getariarra da. Mallabiko Biharko Izarrak Txapelketako azken irabazlea izanik egingo du debuta profesionaletan.
«Debutatzeko gogo handiz nago. Etxean debuta egiteak ere asko motibatzen nau, herriko jende asko egongo delako», jakinarazi zuen.
Oteizari egin bezala, berari ere bere burua definitzeko eskatu genion. «Erregularra naizela uste dut, segurua eta esku biekin ondo moldatzen dena», adierazi zuen.
Profesionaletarako ere helburu berriak omen ditu. «Hemen pausoz pauso joan beharra dago. Nik ahal dudan guztia egingo dut eta ea nora iristen naizen», esan zuen.
Ea bada zorte pixka batekin afizionatuetan erakutsia profesionaletan berresterik duten.