GASTEIZ
Gasteizko Udalak Gasteiz Izan elkarteen erregistrotik atera zuen aurreko astean Alkatetzaren dekretu baten bidez, eta, hartutako neurriak Alfonso Alonso alkatearen «suntsipen politikoa» agerian uzten duela ziurtatu zuen atzo Amparo Lasheras Gasteiz Izaneko kideak, Arabako hiriburuan emandako prentsaurrekoan.
Alfonso Alonsok hartutako erabakia zuritzeko eman zituen argudioak ekarri zituen gogora eta «alkate izateaz gain, bere burua epaile eta polizia gisa izendatu izana» leporatu zion. «Garzon epailearen moduan, berak asmatutako ilegalizazio epaia gauzatu du», adierazi zuen Lasherasek.
Izan ere, Gasteiz Izan elkarteen erregistroan sartzeko «lege iruzurra» erabili zela ziurtatu zuen Gasteizko alkateak. Argudiatu zuenez, «Batasunaren jarratzile zen plataforma ilegalizatuaren jarraipena» zen elkarte hori .
«Gauzatutako dekretua alkatearen ezintasunaren eta gure garaipenaren erakusle da, Alonsok berak onartzen baitu bagarela, hemen gaudela eta herritarrak ordezkatzen ditugula», esan zuen Lasherasek. «Gasteizko herritarren sektore zabal batek ezker abertzaleren proiektu politikoarekin bat egiten duela eta babestu egiten duela ukatu nahi du Alonsok nagusikeria horren bidez», gaineratu zuen.
Horren haritik, Euskal Herrian bizi diren garai berriak ekarri zituen gogora Gasteiz Izaneko ordezkariak eta datozen udal hauteskundeetan ezker abertzalea presente egongo dela «argi» dagoela adierazi zuen. «Alonso ez da kontura- tu ilegalizazio garaiak amaitu direla eta ezker abertzalea ate nagusitik bueltatuko dela udaletxera», nabarmendu zuen.
Alonsoren dekretuari erantzungo diotela aurreratu zuen Lasherasek, zer egingo duten oraindik zehaztu ez bazuen ere. «Indartuta atera gara eraso honetatik», ziurtatu zuen.