Gaurko elkarretaratzera deitu du Hitzarmenerako Mahaiak
Hitzarmenerako Mahaiak elkarretaratzera deitu du gaurko Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Urruñan «Konponbiderako mahaia orain!» lelopean. Gainera, Laudion ekitaldia izango da. Prozesuan aurrera egiteko baldintza egokiak daudela askotan nabarmendu du, baita euskal gizartearen parte-hartzea bultzatu beharra dagoela ere.
BILBO
Hitzarmenarako Mahaiak elkarretaratzera deitu du gaurko Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan «Konponbiderako mahaia orain» lelopean, eta, gainera, ekitaldi politikoa izango da Laudioko Herriko Plazan. Alderdien mahaia osatzeko baldintzak badirela berriz nabarmendu nahi dute Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Urruñan izango diren mobilizazioekin, baita konponbiderako prozesuan euskal gizarteak parte hartzea bultzatu ere.Aurreko asteko hainbat gertakarik prozesuari laguntzen diotelakoan daude Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaileak; besteren artean, Patxi Lopez PSEko burua Batasunarekin biltzearen aldeko jarrera, PSko agintari Frantxua Maitiak Estatu frantsesak parte hartzearen alde egindako adierazpenak, Batasuneko zortzi mahaikideak giltzapetuta ez izatea edota Jose Luis Rodriguez Zapaterok erabakitzeko eskubidearen gainean egindako adierazpenak. «Prozesuari laguntzen dioten pauso positiboak dira horiek, eta konponbiderako mahaia behingoz osatzeko baldintzak betetzen direla berresten dute», esan zuten Martin Aranburu eta Arritxu Santamaria Hitzarmenerako Mahaiko bozera- maileek larunbatean Donostian egindako prentsaurrekoan. Izan ere, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten 55 politika, gizarte eta sindikatu eragileek egungo egoera politikoa aztertzeko bildu ziren maiatzaren azken astean, eta, bertan, deituta zeukaten Laudioko ekitaldiari gaurko elkarretaratzeak gehitzea erabaki zuten. Hala, alderdien mahaia berehala osatzeko eskaera arlo nazionalera eramango dute. Izan ere, nazioarteko eta nazioko arloak dira Hitzarmenerako Mahaia orain buru-belarri lantzen ari den gaiak, hain zuzen. Gaurko mobilizazioak bigarren arloan daude, alderdien mahia osatzeko eskaeraren bidean euskal gizarteak parte har dezan bilatzeko. Hitzarmenerako Mahiko sinatzaile ANVk, gaurko elkarretaratzeetara deitzeko bidalitako prentsa adierazpen batean, ondokoa adierazi du: «Normalizazio politikoaren prozesuak oztopo asko izan ditzake, eta haie- tako bat epeak fundamentuzko arrazoirik gabe luzatzea da. Batzuek beldur diote elkarrizketa politikoari:espainiolismoa eta jakobinismo frantsesa oso ahulak baitira».
Prozesua bultzatzen Gaurko elkarretaratzeek izango duten lelo berarekin, «Konponbiderako mahaia orain», beste hainbat ekitaldi egiten ari dira Hitzarmenerako Mahaia Euskal Herriko herrietan «prozesua bultzatzeko». Horiek hala, Arrasaten, Algortan eta Lizarran egon ostean, Donibane Garazin izango dira 12an. Gainera, hilaren 17rako manifestaziora deitu dute Iruñean. Apirilaren 1ean Bilbon 84.000 pertsona bildu zituen mobilizazioaren lelo bera izango du Iruñekoak: «Konponbiderako mahaia orain! Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna». Oraingoan EA, Aralar eta AB alderdiek baita ELA sindikatuak ere atzera egin arren, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren 36 eragileek deitu dute Nafarroako hiriburura konponbide prozesuaren alde egiteko.
|