Nazioarteko babesa «sintoma ona» dela berretsi du Ibarretxek Washingtonen
Juan Jose Ibarretxek beste behin esan zuen atzo bake prozesurako nazioarteak erakutsi duen interesa «sintoma ona» dela, eta gatazka konpon dadin agertu duten prestutasuna zinez eskertu zuen. Hitz horiek Washingtonera egin duen bidaia amaitutzat jo zuenean esan zituen, bertan hainbat aditurekin egindako bilkuren ondorio gisa.
WASHINGTON
Bezperan, nazioartea prozesuan modu aktiboan inplikatzearen alde egin zuen; atzo, berriz, Juan Jose Ibarretxek ziurtatu zuen «sintoma ona» dela nazioarteko komunitateak konponbide prozesurako interesa agertu izana, baita babesa erakutsi izana ere.
Lehendakariak atzo bukatu zuen AEBetako hiriburura eginiko bidaia. Hain zuzen ere, Capitoliora egin zuen bisita, eta bertan, besteren artean, Kongresuko Nazioarteko Harremanetarako azpibatzordeko Dan Burton biltzarkidearekin, Idahoko senatari Larry Craig-ekin eta estatu horretako biltzarkide Mike Simpson-ekin izan zituen hitzorduak Ibarretxek.
Bidaiari bukaera emateko, AEBetako Kongresuak osatutako Bakearen Institutuan Euskal Herriko prozesuaren gaineko hitzaldi bat izan zen atzo. Eta, lehendakariak gerora azaldu zuen positibotzat jo behar dela Euskal Herriko gatazka munduko agenda politikoan presente egotea.
Beste behin zehaztu zuen bakea lortzea «Euskadin egiten den ahaleginaren» eta euskal gizartearen erabakiaren esku egongo dela. Baina nolanahi ere, segidan gaineratu zuen hori bezain egiazkoa dela nazioarteko komunitateak interesa eta babesa agertzea sintoma ona dela aitortzea. Izan ere, Ibarretxek honako hau nabarmendu zuen prentsaren aurrean: «Bakearen Institutuan eta Kongresuko kideekin eta senatariekin egindako bileretan egiaztatu ahal izan dut badagoela interesa bake prozesua sostengatzeko, akordioak hartzeko eta Euskadiko gatazka politikoa gain- ditzeko».
Hain zuzen ere, lehendakariaren aburuz jakin behar da «Euskadin bakea» lortuta, munduko bakeari ere ekarpenik egin dakiokeela. Horiek hala, beste behin azaldu zuen esker ona agertu behar dela nazioartean bake kontuetan adituak direnek prozesuari laguntzeko agertu duten prestutasunagatik, bai eta euskal gatazka gainditzeko parte hartuko dutela eta hori sustatuko dutela esan izateagatik ere.
|